FORUZAINGOA

Merezimenduen dekretuak atea irekitzen dio zerbitzu publikoetan euskara desagertzeari

2026/04/09
Merezimenduen dekretuak atea irekitzen dio zerbitzu publikoetan euskara desagertzeari
ELAk 2024ko merezimenduen Dekretuan kritikatu zuen alderdietako bat izan zen Departamentu bakoitzari ematen zion tarte zabala, interpretazio murriztaileak eta arbitrarioak egiteko euskara baloratuko zen plaza-kopurua ezartzerakoan. Sindikatuak adierazi zuenez, euskararen normalizaziorako kaltegarriak izan zitezkeen interpretazioen aurrean, Dekretuak ez zuen heldulekurik eskaintzen Departamentu bakoitzari hizkuntza baloratzeko gutxieneko plaza batzuk exigitzeko orduan.

ELAk Dekretuaren zati bat epai judizial bidez bertan behera uztea lortu zuen arren, Departamentuek euskara zein plazatan baloratuko den zehazteko duten autonomiak indarrean jarraitzen du. Neurri honen ondorioz, Foruzaingoaren kasuan, Barne Departamentuaren menpekoa dena, euskararen balorazioa oso bazterrekoa izango da.

Meritu gisa, Dekretua onartu ondoren, Foruzaingoan dauden 1.200 plazetatik 314tan hartuko dira kontuan hizkuntzak. Soilik 4tan baloratuko da euskara modu espezifikoan (plazen % 0,33an). 120 plazatan ingelesa, frantsesa eta alemana baloratuko dira, baina ez euskara. Gainerako 190 plazetan euskara baloratuko da ingelesa, frantsesa eta alemanarekin batera. Hau da, hizkuntzak baloratuko diren plazen % 38,22an, euskara ez da kontuan hartuko. Eta euskara, hizkuntza komunitarioekin batera, Foruzaingoko plaza guztien % 15,83an bakarrik baloratuko da.

Foruzaingoaren egoera tamalgarri hori egungo Dekretuak eragin du. Zerbitzu publikoak jatorriko hizkuntzetan emateak ez luke Departamentu bakoitzaren borondate politikoaren mende egon behar. Lege bidez eta, bitartean, beste dekretu baten bidez, blindatu beharko litzateke Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatuta geratzea.