Osasunbidea
Nafarroako Gobernuak Osasunari buruzko Foru Legea onartu nahi du Osasunbidean kaleratzeak egin ahal izateko
ELAk osasun publikoari buruzko txostena aurkeztu du gaur. Bertan, Osasunbidearen arazoen diagnostikoa eta kalitatezko osasun sistema publiko baterantz aurrera egiteko proposamenak jasotzen dira. Prentsaurrekoan Imanol Pascual, Nafarroako ELAko koordinatzaileak, Josune Guerra, Osasunbideko arduradunak eta Iñaki Zabaleta Azterketa Bulegoko kideak parte hartu dute.
Inbertsio faltak Osasunbidea okertu eta osasun pribatuari atea ireki dio
ELAk osasun publikoaren sistemaren aldeko apustu garbia eskatzen du. Osasunbideko desinbertsio jarraitua agerian geratzen da 2025eko aurrekontu proiektuan: % 1 baino ez da haziko 2024ko behin betiko aurrekontuarekiko, 0,2 puntu galduko ditu ekonomiarekiko (BPG) eta inflazioa (KPI) baino gutxiago haziko da. Inbertsio falta horren ondorioz, Nafarroan osasunean egiten den gastu publikoa EB-27ko batez bestekoa baino 590 milioi euro txikiagoa da.
Horrek osasun arretaren kalitatea okertzea dakar. Nabarmentzekoa da medikuen ratioa ELGAko batez bestekoa baino heren bat txikiagoa dela, eta erizaintzako langileen ratioa ELGAko erdia dela, eta lehen mailako arretaren egoera bereziki larria dela.
Inbertsiorik ez dagoenez, zerbitzuaren kalitateak okerrera egiten du, besteak beste, itxaronzerrendetan, eta benetako itxaronaldietan, estatistikek adierazten dutena baino luzeagoak direlako, ikusten den bezala. Horrek guztiak, ordaindu dezakeenari, osasun pribatuaren negozioari atea irekitzen dio.
Behin-behinekotasuna, partzialtasuna eta diskriminazioa Osasunbidean
Kalitatezko zerbitzu publikoa izateko, ezinbestekoa da lan baldintza onak izatea. Osasunbidean, ezaugarri nagusiak hauek dira: % 51,7ko behin-behinekotasuna (Europako zuzentarau baten arabera, % 8tik beherakoa izan beharko luke, eta sektore pribatuko batez besteko behin-behinekotasuna % 18,7koa da), % 21,1eko partzialtasuna, eta 15 urtean % 15,8ko erosahalmenaren galera.
Horri gehitu behar zaio karrera profesionaleko diskriminazioa. Nafarroako Parlamentuak irailean onartu zuen Osasunbideko C eta D mailetako langileen karrera profesionala onartzen duen Foru Legea. Lege honek mahai sektorialean LAB, SAE, UGT eta Afapnaren botoekin sinatutako akordioaren edukia gauzatzen du. Akordioak, eta ondorioz, Foru Legeak, karrera profesionaletik kanpo uzten ditu lehendik karrera profesionala kobratzen ez zuten Osasunbideko langileen % 41: karrera onartua ez zeukaten 5.200 langileetatik, C eta D mailetako 2.150 langilek karrera profesionalik gabe jarraituko dute.
ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio Osasunari buruzko Foru Legea bertan behera uzteko, pribatizazioari atea ixten ez diolako eta kaleratzeak baimentzen ez dituelako
Nafarroako Gobernuak Osasunbideko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) enpresa entitate publikoak sortu nahi ditu, egungo izaera juridikoa aldatuta. Horrek esan nahi du Osasunbideko eta NOPLOIko langileak lan kontratuko langileak izango direla, eta ez funtzionarioak. Hau da, Osasunari buruzko Foru Lege Proiektuak ez dio aterik ixten pribatizazioari, eta aukera ematen dio Gobernuari Osasunbidean kaleratzeak egiteko edo plazak amortizatzeko, beste edozein enpresa publiko edo pribatutan bezala.
Egoera honen aurrean, ELAk bere proposamenak egin ditu, osasun publikoan inbertsioa handitzea eskatzen dutenak, lan baldintzen eta osasun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.