Nafarroako Gobernuak proposaturiko soldata-igoera eskasa da eta Madrilgo politiken jarraipen hutsa

2017/10/31
Artxiboko irudia
ELAk ez du ontzat ematen Nafarroako Gobernuak proposaturiko soldata-igoera, eskasa delakoan. Zentzu horretan, Madrilgo politiken jarraipenik ez egitea eskatu dio. Nafarroako Gobernuaren proposamenak %1,5eko igoera dakar. Horrela, herri-langileen eroste-ahalmenaren galera handituko da, eta, gainera, egin duen enplegu publikoaren eskaintza oso urria da.

ELAk ez du ontzat hartu Nafarroako Gobernuak proposaturiko soldata-igoera, eskasa delakoan; eta eskatu dio autogobernua indartzeko, Madrilgo politiken jarraipen itsua egin beharrean. Nafarroako Gobernuak egin duen %1,5eko soldata-igoeraren proposamena gauzatuko balitz, enplegatu publikoen eroste-ahalmenaren galera handituko litzateke, eta horrez gain, enplegu publikoaren eskaintza ere urriegia da.

ELAk berriz ere agertzen du EPE-deialdiak egiteko beharra, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta krisiaren aitzakiaz suntsituriko lanpostuak berreskuratzeko. Madrilgo gobernuak onetsitako birjarpen-tasari jarraikiz proposatu diren plaza-kopuruak erabat urriak dira, horrela enplegu publikoa are gehiago prekarizatuko da: 191 plaza hezkuntzan, 154 gune administrazioan/Nafarroako Gobernuan, eta 219 osasunean. Plaza-kopuru horiek zeharo eskasak dira, eta agerian uzten dute Nafarroako Gobernuaren apustua, Madrilgo gobernuari aurre ez egitekoa.

Proposatu duten egonkortze-EPEa ere ez da nahikoa, Mahaiak berak markatu zituen behin-behinekotasunaren tasen mailetara jaisteko (%8), ez baita kontuan hartu krisian zehar suntsituriko enplegua, ezta murrizketa guztiak lehengoratzearen ondoriozko plantilla handitu beharra ere.