Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak irakasleen lan-gainkargaren aurrean duen utzikeria salatzen du ELAk

2021/06/22
Sindikatuak salaketa aurkeztuko du Lan Ikuskaritzan, ikastetxeetan arrisku psikosozialari buruzko ebaluaziorik egin ez delako.

2020-2021 ikasturtean zehar pandemiak eragindako salbuespenezko egoerei baliabide gehigarri gutxirekin heltzeko eskakizunak eraginda lan-gainkargaren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu izan dio prebentzio-neurri egokiak har ditzala.

Ildo horretan, ELAk behin eta berriz eskatu du arrisku psikosozialari buruzko ebaluazioak egitea Nafarroako ikastetxe guztietan, ikastetxe bakoitzeko irakasleen antolamendu-baldintzei buruzko benetako diagnostikoa lortzeko eta, ondoren, horri dagozkion hobekuntzak ezartzeko.

Hala ere, Departamentuak ez ditu arrisku-ebaluazio horiek ikastetxe guztietara zabaldu, eta ikasturte honetarako planifikatutako gutxieneko ebaluazioak ere ez ditu bete. Horrek agerian uzten du lan-arriskuen prebentzioaren arloan duen utzikeria, eta berretsi egiten du Departamentuaren Prebentzio Zerbitzuaren baliabideak nahikoak ez direla, duela hilabete batzuk ELAk salatu zuena, hain zuzen.

Egoera horren aurrean, ELAk berriz ere salaketa jarriko du Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ez duelako arrisku psikosozialaren ebaluaziorik egin ikastetxeetan.