Nafarroako Gobernuak isuna ezarri dio berriro Sigma Brakes Tuterako enpresari lan-arriskuen prebentzioko arauak ez betetzeagatik
Nafarroako Gobernuak isuna ezarri dio berriro Sigma Brakes Tuterako enpresari lan-arriskuen prebentzioko arauak ez betetzeagatik. Sigma Brakesek ibilgailuetako balazta-pastillak ekoizten ditu, eta ekoizpen-prozesuan produktu kartzinogeno bat atzeman zen 2013. urtean. Hori dela-eta, ELAk salaketa bat baino gehiago jarri ditu, eta horren ondorioz, Lan Ikuskaritzak eta Nafarroak Gobernuak berak esku hartu behar izan dute arazoan. Isuna ezarri baino lehen, Lan Ministerioaren menpeko Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak txosten bat eman du, non egiaztatutzat jotzen baitu enpresak ez duela neurririk hartu laneko arropa edo babes-janzkiak eta kaleko arropa bereizteko, eta formaldehido bezalako produktu kartzinogenoez ez kutsatzeko.
Enpresari hiru hilabeteko epea eman zitzaion errekerimendu bidez atzemandako hutsune eta gabeziak zuzentzeko eta ekipamendu egokia instalatzeko; halere, enpresak egin zuen gauza bakarra bi armairu ipintzea izan zen.