Nafarroako kultura, aisialdi eta ingurumen arloko grebak arrakasta izan du

2023/01/18
Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko bigarren greba egunak zentro ugari ixtea eta programatutako ekitaldiak bertan behera uztea eragin du, UGTk boikota egin arren.

Aisialdiaren, kulturaren eta ingurumenaren sektorean ordezkaritza duten lau sindikatuek (UGT, CCOO, ELA eta LAB) Nafarroan sektoreko lehen hitzarmena lortzeko hiru eguneko grebarako deialdia egin eta ordu batzuk geroago, UGTk eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat adostu zuen patronalarekin. Akordio hori langileen zati bati bakarrik aplikatuko zaio, eta horren edukia grebarako deialdian sindikatu guztiek (UGT barne) ezarritako minimoaren oso azpitik dago.

Gaur, bigarren greba egunean (hiru egun daude deituta), Planetarioa, Nafarroako Artxibo Nagusia, Iruñeko Mankomunitatearen Hezkuntza Programa, Iruñeko Gazteriaren Etxea, Iturrama, Sanduzelai, Zabalgune, Milagrosa eta Mendillorriko Civivoxak eta Beriain eta Noaingo ludotekak itxi dituzte, besteak beste, eta ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte, hala nola Iruñeko Udalak finantzatutako ‘Dantza eta arte eszenikoak irisgarritasunaren aliatu gisa’ hitzaldia.

Deialdiaren arrakastak erakusten du sektoreko langileek uko egiten diotela UGTren akordioari, eta mobilizazioaren aldeko apustua egiten dute beren lan-baldintzak benetan hobetzeko hitzarmena lortzeko. Bihar, urtarrilak 19, hirugarren greba eguna izango da eta elkarretaratzea izango da 18etan Iruñeko Udal Plazan.