Nafarroako langabeen erdiek ez dute langabezia prestaziorik kobratzen

2023/11/03
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, langabe kopuruak gora egin du berriro, eta eragin handia izan du gazteen artean.

Irailean baino 694 langabe gehiago daude Nafarroan. Zerbitzuen sektoreak izan du eragin handiena 394 pertsonako igoerarekin, baina industriaren sektorean ere langabeziak gora egin du indarrez (+116). Bestalde, langabezia tasa % 9,1era igo da, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik.
Gazteen langabeziari buruzko datuek ere zifra negatiboak dituzte. Azken hilabetean 155 pertsona gehiago izan dira, hau da, kopuru erlatiboetan % 5,6 gehiago. Gainera, iazko urriarekin alderatuta langabeziak gora egin du.
Nabarmentzekoa da, langabezian izena emanda dauden pertsonen %48k ez duela langabeziagatiko inolako prestaziorik jaso irailean. Eta soilik %30ek kobratu du kotizaziopeko langabezia prestazioa.
Urrian egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak dituzte: prekarioak eta aldi baterakoak. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 77,3 aldi baterakoak izan dira, hau da, urrian sinatutako lau kontratutik hiru baino gehiago aldi baterakoak izan dira.
Egoera negatibo honen aurrean, ELAk uste du ezinbestekoa dela antolatzea eta mobilizatzea lan prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko.