Nafarroako Parlamentuan onartu den erlijio irakasleen legeari desadostasuna erakutsi dio ELAk

2022/05/13
Kontratu mugagabea duten erlijio irakasleen lan-eskubideak eta gainerako irakasleenak uztartuko dituen lege baten beharra dagoela salatu du ELAk

ELAk berretsi egin du Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak gaitzesten dituela, eta Eliza Katolikoari hainbat gaitan, besteak beste Hezkuntzan, ematen zaion salbuespen-egoera ere gaitzetsi du. Ildo horretan, ELAk uste du hezkuntzan eskuduntza osoa, hezkuntza-curriculuma eta langileen kontratazioa barne, Nafarroako Gobernuari bakarrik eta inolako baldintzarik gabe egokitu behar zaiola. Sindikatuak uste du erlijio konfesionalen irakaskuntza kendu behar dela ikastetxeetatik eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari eta honi babesa ematen dioten alderdiei eskatzen dio sindikatuak LOMLOEren egungo arau-esparrua gainditzeko, erlijio konfesionalaren irakasgaia mantentzearen aldeko apustua egiten baitu lege honek.

Era berean, ELAk uste du irailetik aurrera erlijioa astean gutxienez ordu batera murrizteak, Haur eta Lehen Hezkuntzan LOMLOEk ahalbidetzen duena, ez duela eragotzi behar sindikatuekin adostutako eta negoziatutako irtenbide bat bilatzea Administrazioarekin lan-kontratu mugagabea sinatuta duten langileentzat. Konponbide horrek erlijioko irakasleen lan-eskubideak eta hezkuntzako gainerako irakasleen lan-eskubideak uztartu behar ditu.

ELA kezkatuta agertu da gaur onartutako lege-proposamenari dagokionez, honako gai hauengatik:

  • Ez da negoziaziorik izan langileen ordezkariekin
  • Ez du zehazten nola osatuko diren erlijioko irakasleen jardunaldiak. Beraz, ez dakigu zer eragin izango duen gainerako irakasleengan.
  • Hezkuntzaren gain uzten du irakasle horien irakaskuntza-jarduera antolatzea, egungo lanpostuei eta destinoari dagokienez.
  • Ez dio erlijio-ikasgaia kentzeari heltzen, eta ez ditu zalantzan jartzen Vatikanoarekin egindako akordioak.

Sindikatuak Hezkuntza Departamentauri eskatu dio langileen ordezkariekin benetako negoziazio-prozesu bat egin dezala, argitu gabeko lan-gai guztiak argitze aldera. Era berean, Nafarroako Parlamentuan dauden indar politiko guztiei erlijio irakasgai konfesionala erabat kentzearen gaiari heltzeko eskatu die, erlijio irakasleen eta gainerako irakasleen lan-eskubideak errespetatu eta uztartzeko formulak bilatuz.