Nafarroako sektore publikoan euskaraz lan egin eta zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzeko kanpaina martxan jarriko du ELAk
Sektore publikoan euskaraz lan egin eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko lanean jarraitzen du ELAk, eta oraingoan beste kanpaina bati ekingo dio, LABekin elkarlanean. Hego Euskal Herriko sektore publikoko esparru guztietara zabalduko da kanpaina, mobilizazioekin eta honako leloarekin: ‘Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’ izango da kanpainaren leloa.
Honako hauek dira aldarrikapen eta helburu nagusiak Nafarroan:
- Euskararen kontrako epaiak salatzea.
- Euskararen lege berri baten beharra, behingoz lurralde osoan euskara ofiziala izan dadin.
- Hizkuntz eskakizunek gora egitea, esaterako urtero portzentai bat adostuz, erabiltzaileek euskeraz artatuak izateko eskubidea derrigorrez bermatua eduki arte.
- Euskararen ezagutza merezimendu moduan baloratzea hizkuntz eskakizunik ez dagoen plazetan.
- PAI desagertzea.
Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak eskatu dute euskara hizkuntza ofiziala izatea Europar Batasunean. Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba jartzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea. 1986ko Euskararen Legea gainditu behar da nahitaez, eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako.
Honez gain, Merezimenduen Dekretuak ez luke zonifikazioan sakondu behar. Alabaina, oraingo Gobernuak onartutako Dekretuak ingelesa, frantsesa eta alemana baloratzeko aukera ematen du, euskara baloratzeko aukera ezabatzen duen bitartean. Diskriminazio horren kontrako sententzia irabazi zuen ELAk orain aste gutxi, Steilasekin batera sartutako helegite baten ondorioz.
Mobilizazioak
ELAk hainbat mobilizazio egin ditu orain arte aldarri horiekin. Orain, LABekin elkarlanean, abenduan berriro aterako da kalera: Abenduaren 16an Iruñean, Parlamentuaren aurrean kontzentratuko dira 11:00etan; eta abenduaren 17an Gasteizen manifestazioa egingo dute 11:00etan Bilbao plazatik abiatuta, Legebiltzarrean bukatzeko. Mobilizazio hauek jarraipena izango dute hurrengo aste eta hilabeteetan.