Nafarroan Euskararen Lege berri bat behar dugu
Aipaturiko epaiak oinarri hartuz, Iruñerriko udal batzuek herritarrendako euskarazko arreta baztertu dute, udal-administrazioan hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea bertan behera utziz. Ildo horretatik, Berriobeheitiko Udalak euskararen eskakizuna kendu die bere plantillako 9 posturi, eta idazkari-posturako LPEan ez da eskatu euskararen eskakizunik. Orobat, Eguesibarko Udalak proposatu du, 2020ko plantilla organikorako, euskara-eskakizuna duten 23 plazetatik 17tan kentzea (horrelako zerbait egin zuen 2019an, bertze 4 plazarako deialdia indargabetuz).
Nafarroa lurralde bakarra da non bertako hizkuntzaren ezagutza eskatzea diskriminaziozkotzat hartzen den. Urralbururen gobernuak euskararen egoera ahula betiko finkatzea lortu zuen 1986ko Euskararen Legearen bidez, zeinaz zonifikazioa ezarri baitzen. Gobernu hartatik hona UPNren gobernuak hainbat urtetan egon dira agintean, baina baita Aldaketa Gobernua ere 4 urtetan. Eta azken gobernu horrek, Euskararen Lege berri bat egitea agian aldaketa handiegia zela iritzita, lehengo legeari emendakin batzuk egitea nahiago izan du.
Behar dugun Euskararen Legean erraztu behar dira ikasbidea eta erabilera; eta haren helburuen artean honako bi hauek jaso behar dira bederen: gure hizkuntzaren normalizazioa esparru guztietara zabaltzea, eta euskaldunen eta nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzea.