Navarpluma greban mehatxuen eta erabateko prekarietatearen aurka

2019/02/12
Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez Navarplumako langileen baldintzak duintzea. Gatazka hasi zenetik enpresa saiatu da greba-eskubidea urratzen; eta horretarako, Greba Batzordeari enpresan sartzea galarazi dio, grebalariak ordeztu ditu... Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.

Navarpluma enpresa Aratzuri-Orkoien industrialdean dago, ahate-lumak eraldatzen aritzen da, eta Martikoren partaidetza du.

Navarplumako Zuzendaritzak langileen soldatak murriztu ditu arian-arian, mota guztietako hertsapen eta presioen bidez, banan-banan langileen sinadurak bilduz (batez bertzez 400 euro inguruko jaitsierak eginez hilean, eta ordurako langileek bazeramaten 8 urte inolako soldata-igoerarik gabe). Enpresa tailerreko langileen babes gabeziaz probestu da (gehienak atzerriko etorkinak), eta erabateko prekarietate-egoeran dauzka, astelehenetik igandera doazen lanaldiekin, egutegirik gabe, aldez aurretik abisatu gabeko txanda-aldaketak eginez, segurtasun-neurririk eta laneko arroparik gabe, arrazoirik gabeko zehapen eta kaleratzeekin, segurtasun-kameren bidezko kontrolpean, eta abar, eta abar.

2013. urtetik ez da hauteskunde sindikalik egin enpresan; baina enpresaren eragozpen guztien gainetik, azkenean, 2018ko apirilean gauzatu ziren, eta ELAk hiru ordezkariak lortu zituen. Handik goiti kidegoa antolatzeari ekin zion, aparteko enpresa-hitzarmen bat negoziatzeko asmoz. Navarplumako Zuzendaritzak, aldiz, ez du onartu ordezkaritza sindikala, eta langileekin negoziatzen saiatu da. Dena dela, langileek uko egin diote enpresaren azken eskaintzari. Eskaintzaren puntuak hauexek: soldata-izozketa hiru urtetarako, plus txiki batzuk ez finkagarriak, eta laneko janzki bakar bat. Horiek horrela, langileek buru egin zioten zuzendaritzari, eta greba mugagabean daude otsailaren 1etik.

Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez Navarplumako langileen baldintzak duintzea. Gatazka hasi zenetik enpresa saiatu da greba-eskubidea urratzen; eta horretarako, Greba Batzordeari enpresan sartzea galarazi dio, grebalariak ordeztu ditu... Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.

Navarpluma enpresak etekinak sortzen ditu, bere finantza-egoera oso ona da. ELAren Negoziazio Kolektiboaren eta Industria Politikaren Kabineteak aztergai izan ditu Navarplumaren kontuak eta enpresaren ustiapen-emaitza, 2018ko martxoaren 31ko egunekoa (eskueran izan dugun azken datua). Eta deigarria da pertsonaleko gastuak enpresaren gastu guztien %3,5 bertzerik ez direla, eta urte bakar baten epean portzentaje hori %5etik %3,5era jaitsi dela.

Lan-baldintzei dagokienez, erran behar dugu 2018ko urrian Donostian egoitza duen giza baliabideen enpresa batek txosten bat egin zuela Navarplumako lan-giroari buruz. Horretarako, elkarrizketak egin zizkieten langileei banan-banan. Behin txostena burutu ondoren Navarplumako Zuzendaritzari aurkeztu zioten, noski; eta emaitzak honako hauek izan ziren:

- Langileen %70ek beldurrez lan egiten dute. Horren arrazoia gehiegizko zaintza eta kontrola da (kameren bidezkoa, fitxaketa komunera joateko, zehapen eta kargu-hartze gehiegi...).

- Langileen %58en ustez Zuzendaritzak agintekeriaz jokatzen du.

- Langileen %68ek pentsatzen dute soldatak apalak direla.

Txostenean Jardunbide Plan bat proposatu zen egoera onbideratzeko. Eta, bertzeak bertze, enpresako Zuzendaritzari zuzenean gomendatu zitzaion akordio bat negoziatzea langileen ordezkariekin, lan-baldintzak adostasunez arautze aldera.

Navarplumako langileek dei egiten dio Nafarroako Gobernuari gatazka honi konponbideren bat bilatzeko. Alde horretatik, ELAk bilera eskatuko dio Ekonomia Garapeneko Departamentuari gatazkaz aritzeko. Era berean, ELAk zera oroitarazi nahi du: joan den urriaren 8an Sodenak eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) lankidetza-akordio bat izenpetu zuten, eta horren arabera Enpleguaren Nafar Zerbitzuak parte hartzen du programaren finantzazioan. Navarpluma enpresak diru-laguntza publikoak jasotzen dituenez, zentzuzkoa da eskatzea Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea, ELAren ustez.

Gainera, bitxia bada ere, langileen prekarietatearen eta zapalkuntzaren erantzulea, Navarplumako enpresaria, Urteko Enpresari izateko hautagaia izan zen 2015ean. Sari hori "Revista de Negocios"ek, CENekin batera, ematen du Nafarroan.

Azkenik, Navarplumako langileek nafar herritar guztiak gonbidatzen dituzte heldu den elkarretaratzera etortzera. Iruñako Udaletxeko plazan izanen da otsailaren 15ean, eguerdiko 12:00etan.