NIE eta LABen arteko Nafarroako ikastoletako akordioak egungo lan baldintzetan hobekuntza nabariak lortzeko aukerak zapuzten ditu

2019/03/26
Akordioa ez da funtsezko edukietan sartzen eta ez du aurrerapauso nabarmenik planteatzen; gainera, horretarako beharrezkoa litzatekeen langileen antolakuntza eta mobilizazio bidea jorratzeari uko egiten dio. Hori dela eta, ELAk ez sinatzea erabaki du.

Azken hamarkadan eta krisiaren aitzakiapean Ikastoletako langileen oinarrizko lan baldintzetan nabaria izan da murrizketen eragina. 2010. urtean aplikatu ziguten soldata murrizketak eragina izaten jarraitzen du, eta eroste-ahalmenaren galera akumulatua %15etik gorakoa da, nahiz eta oraingo gobernuarekin %5eko soldata igoera izan (sare publikoan %6), Madrildik kopiatuta. Azken negoziazioak NIE eta LAB artean egin dira, ELA sinadura ekitaldira bakarrik gonbidatuz, nahiz eta 2016tik izandako bilera gutxietan parte hartu izana.

ELAk argi utzi zuen hasieratik gaurko gobernuari eta beste patronalei egin behar zitzaien interpelazio zorrotza: murrizketak lehengoratzea eta kalitatezko hezkuntza lortzeko behar den finantzazio nahikoa mahai gainean jartzea, eta ez orain arte bezala, langileen bizkarrean utziz. Itunpeko Sareko Akordioan lehenengo aldiz sartu dira Ikastolak, baina interpelazio hori egin gabe eta NIEk eta LABek (ez ELAk) akordio kaxkar bat sinatuz. Sindikatuek aho batez ezetza eman genion 2017ko ekainean Hezkuntza Departamentuak egin zuen proposamen atzerakoiari, Kontseilariak itunpeko sektorea estatuko hitzarmen ziztrinaren menpean uzteko mehatxua egin zuen (lanaldi luzeagoak, eta soldata anitzez urriagoa). Patronalek (Eskola Katolikoak-ANEG, CECE, FED-ACES eta NIE), gatazka-giroaren beldurrez, Hezkuntzarekin oinarri-akordio bat itundu zuten udan, beti ere, oso eskasa; gainera, gibelaldean gorde zuten sindikatuak behartzeko tresna gisa. SEPNA, UGT eta LABek azkenean sinatu egin zuten akordio atzerakoia, Hezkuntzak irailean proposatu zituen lan-baldintzekin. ELAk uko egin zion eta argi utzi zuen 2017ko martxotik aurrerako soldata igoera 2016ko mobilizazio bateratuei esker izan zela.

ELAk ez du Patronalaren planteamendua ontzat hartzen: administrazioak murrizketak ezartzen baditu soldata-taulak bertan behera geratzen dira. Eroste ahalmena berreskuratzeko eta lan kargak arintzeko gaiak Nafarroako Gobernuaren borondatearen baitako edukiak direla argudiatuz, gai hauen inguruko beto antzeko bat ezarri nahi izan dute, negoziazio mahaian gaudenok praktikan eduki hauen gainean negoziatzeko eta eragiteko ahalmenik ez dugula onartuz.

Ezin da onartu funtsezkoak diren edukiak albo batera uztea eta patronalek aukeratutako gaietara mugatzea ustezko negoziazioa; sindikatuok sektore honetan sobera (edo ahalik eta delegatu gehien lortzeko edota argazki polit bat ateratzeko) gaudela onartzearen adinakoa litzateke hori, alegia, inolako eragiteko ahalmenik ez dugula eta negoziazio kolektiborako eskubiderik ez dagoela onartzea.

Negoziazioen hasieran sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztu zuen, eta malgutasunez mugitu gara. Baina bakoitzak badu bere marra gorria. ELArena argia zen: mantendu behar ziren bai ultraaktibitatea baita ez-aplikazioaren oztopoa ere. NIE eta LABen akordioarekin ez dago argi hori bermatuko denik.

ELAren aburuz, baldintza hauetan akordioa sinatzeak edukietan betorik gabeko negoziazio erreal baten alde langileak antolatzeko aukera bertan behera uztea suposatzen; horregatik guztiagatik ELAk ez du akordioa sinatu.

Azkenik, aipatu behar dugu ELAk saiakerak egin dituela ikastoletan eta itunpeko sarean ordezkaritza dugun sindikatuon artean egoera honi buelta eman ahal izateko 2016tik aurrerako %1eko soldataren aldeko mobilizazio dinamika mantentzeko. Baina ez da posible izan, eta LABek patronalek eta gobernuak egindako planteamendu ontzat eman eta legitimatzea erabaki du akordioak sinatuz.