Nafarroako Ogasuna
Mobilizazioei esker, Parlamentuak legez onartu du langile guztiek produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea
Parlamentuaren gehiengoak Langile Publikoen Estatutua aldatu du, Ogasunaren produktibitate-osagarriari dagokionez, eta langile guztientzako osagarria onartu du, orain arte ikuskaritza-arloko langileek eta kudeaketa-arloko teknikariek bakarrik aitortuta zeukatenean.
Langileen mobilizazioei, lanuzteei eta grebei esker bide hori ireki izana ospatu du sindikatuak. Hala ere, Estatutuan osagarria aitortzeak ez du esan nahi Ogasuneko langile guztiek kobratuko dutenik; beharrezkoa izango da Nafarroako Gobernuarekin negoziatzea aplikatzeko, eta ELAk ez ditu alde batera utziko eremuko gainerako aldarrikapenak: erosteko ahalmena berreskuratzea, plantilla handitzea, lan-kargak arintzea eta behin-behinekotasuna % 8tik behera murriztea.
ELAk Ogasuneko langileak animatu ditu kalitatezko zerbitzu publikoa defendatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko borrokan jarrai dezaten.