Benito Menni (Elizondo)
Ospitaleko langileek greba egingo dute abenduaren 17, 18 eta 19an, Bertizko eraikina ixtearen aurka

ELAk hiru greba egun deitu ditu, abenduaren 17, 18 eta 19rako, Elizondoko Benito Menni ospitalean (Nafarroa), zuzendaritzak eraikina ixtea erabaki duelako. Sindikatuak salatu du neurri horrek larriki eragiten diela arreta egokia jasotzeko zerbitzu horren mende dauden pertsonei, eta ondorio zuzenak dituela zentroko langileentzat ere. Bertizko eraikina ixteak, erabiltzaileak birkokatzeak eta oheak murrizteak berarekin dakar arretaren kalitatea larri murriztea eta langileentzako gainkarga handitzea. 15 pertsona baino gehiago kaleratuko dituzte, eta beste askori kontratuak murriztuko zaizkie eta lan funtzioak aldatuko zaizkie.
Gauzak horrela, langileek eskatu dute beren eskaerei erantzutea eta zuzendaritzak benetako konpromisoa hartzea lan baldintzak hobetzeko eta enpleguaren egonkortasuna bermatzeko. Era berean, Nafarroako Gobernua ere interpelatu dute. "Zaintzaren kalitatean eta pertsonarengan oinarritutako arreta eredua defendatzen badu, ez du zerbitzu publiko horren merkantilizazioa ahalbidetu behar, eta bermatu behar du errentagarritasun ekonomikoa ez zaiola zerbitzuaren kalitateari gailenduko”, adierazi dute.
Hiru asteko mobilizazioen ondoren, ez dira langileen aldarrikapenak aintzat hartu, eta enpresak erabat ukatu du negoziazio mahaia bat irekitzea. Egindako bilera bakarrean, zuzendaritzak argi utzi zuen orain arte aplikatutakoak ez direla ezartzeko asmoa duten neurri bakarrak. Izan ere, enpresak iragarri du urtea amaitu arte langileak banaka deitzen jarraituko duela, kaleratzeak, lanaldien aldaketak eta plantillaren funtzioen aldaketak egiten jarraitzeko.
"Enpresaren jarrera intransigentea eta mehatxuak ikusita eta jakinda ez dagoela elkarrizketarako prest, langileek greba deitu behar izan dute", adierazi du ELAk.