Pascual: “Lan-erreforma hau atzera bota daiteke, horregatik ari gara mobilizatzen eta horixe da EAJri, EH Bilduri eta UPNri eskatzen dieguna”

2022/01/30
Imanol Pascual ELAren Nafarroako koordinatzaileak azpimarratu du “lan-erreforma honek Rajoyren eta Zapateroren erreformen elementu atzerakoienei eusten diela UGT eta CCOO sindikatuen konplizitateari esker”. Pascualek salatu duenez, “elkarrizketa soziala patronalarentzako altxor, gobernuentzako koartada eta langileentzako tranpa bihurtu da”. Manifestazioaren arrakasta begi-bistakoa izan da: 3.000 lagunetik gora elkartu dira Nafarroako hiriburuko karriketan.

ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Etxaldek eta HIRUk Iruñean deitutako manifestazio jendetsuaren aurrean Imanol Pascualek salatu duenez, patronalak, UGTk eta CCOOk Rajoyren eta Zapateroren lan-erreformak ez indargabetzea erabaki dute. Garaipen handia da patronalarentzat.

Edukiari helduz, azpimarratu du erreformaren aurrerapenak oso mugatuak direla, ultraaktibitatea berreskuratzea. Baina hobekuntza txiki horren truke adostu dutena onartezina da: Rajoyren erreformaren eduki kaltegarrienak mantentzen dira, besteak beste, kaleratzeagatiko kalte-ordainak jaistea eta izapidetze-soldatak ezabatzea, kaleratze kolektiboen administrazio-kontrola ezabatzea, edo enpresek lan-hitzarmenak ez aplikatzeko aukera izatea. Eta baita Zapaterok 2010ean egindako erreformaren estatalizazioari eustea ere, hau da, langile nafarrek beren lan-baldintzak negoziatzeko duten eskubidea urratzea.

Elkarrizketa sozialaren akordioari dagokionez, Pascualek salatu du akordio honek berriro erakutsi dituela elkarrizketa sozialaren mugak, UGTren eta CCOOren konplizitatearekin Patronalak ez dielako inoiz bere pribilegioei uko egiten, beto eskubidea duelako. UGT eta CCOO duela 10 urte Rajoyren erreformaren aurkako greba orokorra egitetik erreforma horren txarrena onartzera igaro dira. Gainera, akordio honek legitimazioa ematen die PSOEri eta Unidas Podemosi hauteskundeetan hartutako konpromisoa ez betetzeko.

Egoera horren aurrean, ELAren Nafarroako koordinatzaileak nabarmendu du aukera bat dugula lan-erreforma hau atzera botatzeko, eta probetxu atera behar diogu. PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute gehiengorik Kongresuan erreforma horiek onartzeko. Beste indar politiko batzuen babesa behar dute, EAJ, EH Bildu eta UPN barne. Akordioaren sinatzaileek diote prekarietatearekin amaitu dutela, eta mezu horrekin langileak desmobilizatu nahi dituztela. Gure erronkak guztiz kontrakoa izan behar du, horregatik egin dugu manifestazio hau, eta datorren astean mobilizatuko gara berriro, alderdi politikoei eskatzeko datorren ostegunean dekretuaren aurka bozka dezatela, eta lan-harremanen esparru propioa aldarrikatzeko, gure erabakiak Madrilen esku-hartzerik gabe har ditzagun, betiere errespetatuz Nafarroan UGTk eta CCOOk ez dutela % 50eko ordezkaritza.

Horregatik, Pascualek mobilizazioaren balioa azpimarratu du. Oso garrantzitsua da sindikatuok bat egiteko gai izatea eta beste gizarte-eragile batzuekin elkarlanean aritzeko gai izatea".