Perfiles de Precisión-aren (Condesa) langileek greban jarraitzen dute

2017/11/08
Lan hitzarmena hiru urtez berritu gabe egon ondoren, soldata berdinekin, eta zazpi hilabeteetako negoziaketa antzuaren ostean, Perfiles de Precision-aren (Condesa taldekoa) langileria grebara iritsi da, ezinbestean. Enpresa batzordeak eskaintza batzuk luzatu ondoren, enpresaren zuzendaritzak ez du ezer aintzat hartu. Enpresa batzordeak langileentzako gutxieneko baldintzaren aldeko borroka segituko du.

Enpresa batzordearen agiria:

Mobilizazioen arrazoia zuzendaritzaren geldotasuna da hitzarmenaren negoziazioan; izan ere, 2014az geroztik dugu berritu gabe, eta enpresak 2016an 3 milioi eurotik gorako etekinak lortu ditu, 2017rako ere aurreikuspen onak dituela. Negoziazioan zazpi hilabete daramagu, eta plantilla denbora horretan hitzarmenik gabe geratu da. Enpresaren azken eskaintza soldatak izoztea izan da 2014-2015-2016 urteetarako, eta %0,5eko igoera 2017-2018 urteetarako.

Joan diren urteetan, eskariak beherantz joan direnean eta ekoizpena murriztu denean, Perfil en Frioko plantillak estutasun larriak pairatu behar izan ditu (hartzekodunen aurre-konkurtsoa, nominak gibelatzea eta aldi baterako erregulazioak -EEE-). Baina orain, emaitza oneko egoera berrian, lan-karga eta ekoizpena handitu direnean, sinesgaitza da enpresaren estutasuna. Gure egoera jasanezina da: galtzen dutenean langileoi ahalegintzeko eskatzen digute, eta irabazten dutenean ez dute gurekin deus partekatu nahi, eroste-ahalmenik ez galtzea ere ez digute bermatu nahi.