Polizien Legearen inguruko faltsukeriak agerian

2018/12/18
Alberto Larrañeta, Sergio Dominguez, Oscar Moreno, Jose Mª Eguaras
Nafarroako Parlamentuak Polizien Lege berri bat onartu du UPNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin (gainerako alderdien botoa abstentzioa edo aurkakoa izan zen). Gobernuak eta gai honetan duen bazkide nagusiak, EH Bilduk, legea eskumen gehiago lortzeko aurrerapausoa balitz bezala saldu nahi digute, baina errealitatea hortik oso urrun dago.

 

Kontakizun nahasi eta interesatua alde batera utzita, lege honetan ez dago eskumen gehiago lortzeko aukerarik, ez bitarteko handiagorik, ez Guardia Zibileko pasabilderik ere, eta ez da polizia integrala bermatzen. Polizien Legearen mamia batik bat lan-baldintzak dira, hots, nolabait esatearren gure lan-hitzarmena da. Foruzaingoko buruzagiak (Barcinarekin zeuden horiexek), hauek defenditzen dituzten elkarte korporatiboak (APF eta CSIF) eta UPN pozarren badaude, aldeko botoa eman duten beste alderdiek hausnartu egin beharko lukete lana norentzat egin duten.

Berriz ere UPN garaiko eredua eta buruzagiak

Indargabetu den legea (15/2015) Barcinaren oposizioko taldeek erabaki zuten (Bildu, PSN, Aralar, I-E eta Geroa Bairen abstentzioa). Guztiek iritziz aldatu dute. Beste hainbatetan bezala, oposizioko indar bat gobernura iritsitakoan kontrakoa defenditzen du. Zer dela eta aldaketa hau?

Lege hark, zeinak gehiengo sindikalaren babesa zuen, lehenengo aldiz aurre egin zion UPNk urte askoren buruan eraiki zuen polizia ereduari. 15/2015 Legeak goi-agintarien pribilegioak mugatu zituen, zeintzuk ordura arte ederki bizi izan ziren. Horren froga da antolatzea erabaki zutela beren pribilegioei eusteko, eta dimisioa eman zutela 15/2015 Legea aplika ez zedin.

Gobernuaren eta Beaumont kontseilariaren lehen hutsegitea izan zen xantaiari amore eman eta buruzagi horiek karguan mantentzea. Agintari horiek argudiatu dute 15/2015 Legeak arazo operatiboak eragiten dituela; haatik, ezkutatu egin dute egitate bat: arazoak ez datoz Legearen aplikaziotik, baizik eta ondoren etorri zen lanaldiei buruzko foru-dekretutik; eurek arautu zuten dekretua, Legea boikotatze aldera.

Zer aldatuko du lege berriak?

Legeak hiru kontutan izango du eragina: ordainsariak, malgutasuna eta zigor-erregimena. Legeak polizia gehienentzat doako malgutasuna ezartzeko aukera ematen du; lan-baldintza desberdinak finkatzen ditu, foruzaina lanean hasi den unearen baitan (hau da, sartu berrien baldintzak okerragoak dira); enplegu beraren ordainsarian %24rainoko aldea sor daiteke, zerbitzua ematen den unitatetan arabera. Gainera, aginte-eskala gorenaren ordainsaria %35eraino gehitzen du, lan-baldintzak aldatu gabe. Bestalde, halako neurriak aplikatzerakoan arazorik piztu ez dadin, orain arte izan den Diziplina-Erregimenik gogorrena ezartzen du, horretarako motiborik izan gabe. Agerikoa da, beraz, lege berriaren onuradun nagusiak buruzagiak izango direla.

Trafiko eskumenaren amarrua

UPNk, Geroa Baik eta EH Bilduk onartu duten Polizien Foru Legeak ez du Trafiko eta Bide-Segurtasunaren aipamenik egiten, ezta horretan diharduten unitateena ere, edota Bide-Segurtasunen lurralde banaketaz (esaterako komisaria periferikoetara). Ezertxo ere ez. Gobernuaren eta Beaumont kontseilariaren amarrua izan da Polizien Legea lotzea Estatuko Gobernuarekin Trafiko eskumen esklusiboa eskuratzeko izan den negoziazioarekin. Gogoratu beharra dago eskumenen inguruko eztabaida Nafarroatik kanpo kokatutako mahai batean garatzen dela, hain zuzen Nafarroaren eta Estatuaren artean “transferentzia batzordea” izeneko “negoziazio” batean. Gauza bera gertatzen da Guardia Zibiletik Foruzaingorako pasabidearen debatearekin. Auzi hau ezin da Foru Lege baten bidez arautu; transferentzia batzordean eztabaidatuko da. ELA izan da sindikatu bakarra proposatu duena Foruzaingoak eskumen zabalagoak har ditzala, era berean beste polizia-indarrak gutxitzen direlarik, bikoizteak eta arazo organizatiboak saiheste aldera (ez dago gogoratu beharrik koordinazioa dela eta duela gutxi izan diren polemikak). Baina hori ez da lortzen herritarrak engainatuz; lege honek ez du horri buruzko ezer esaten.

Nafarroako Gobernuak guri dagozkigun eskumenak Estatutik bereganatu behar ditu, eta ezin dio bere ardurari iskin egin. Ez omen dago polizia integrala garatzeko bitarteko nahikorik, baina uko egiten dio foruzainen plantilla zabaltzeko LEP bat deitzeari. Estatuarekiko akordioak dio Foruzaingoak gehienez 1.200 kide izango dituela; haatik, iragarrita dauden LEP eta erretiroak medio, gehienez 1.080 foruzain izango dira.

Bitartean, Foruzaingoaren kudeaketan bada zer hobetua. Trafikoaz ari garenez, uneotan promozio berri baten prestakuntza bukatzen ari da, baina foruzain hauetako batek ere ez du praktika aldirik egin Bide-Segurtasuneko Dibisioan, eta trafikoa zaindu eta kontrolatzeko lana ez du ezagutzen.

Foruzaingoan, beste polizia batzuetan ez bezala, Trafiko eta Bide-Segurtasuneko unitatea ez da “espezialitate” gisa hartzen. Foruzainek eta ordezkari sindikalek behin eta berriz eskatuagatik ere, unitate honetako kideek ez dute jasotzen prestakuntza berezirik, dagokien lanaren araberakoa alegia. Trafiko eskumen berriak iristen badira, ezinbestekoa izango da Bide-Segurtasun Dibisioko polizien prestakuntza zabalagoa eta zehatzagoa izatea. Unitate hori espezialitate gisa jo beharko da.

Horregatik, Polizien Legea aipatzen denean kontutan izan behar da jaso diren edukiak ez direla justifikatzen balizko eskumen transferentzia bat medio. Izan ere, aurreko araudia, orain indargabetu dena, baliagarria izan zitekeen. Une berean gertatu izanak, beste ezerk ez, lotzen ditu bi gaiok: Trafiko eskumenak ekartzea eta Polizien Lege berria. Transferentzia Batzordea bildu arte ez dugu jakingo zeintzuk izango diren transferitzeko eskumenak. Beraz, nekez pentsa daiteke Foru Legea egiterakoan gogoan zutela transferentzia hau edo hura, ez baitakigu zeintzuk diren, ezta nola gauzatuko diren ere. Aitzitik, agerian geratu da bere benetako xedea: lan-baldintzak okertu eta buruzagien pribilegio eta arbitrariotasun sistemari eustea.