Prekarietateak hil eta gaixotzen duela salatzeko manifestazioa egin da Nafarroako Gobernuaren aurrean

2021/01/15
Lan prekarioen ondorioz hildakoen kopurua urtetik urtera okerragoa da, 2020an 10 pertsona hil dira Nafarroan lan-istripuz.

Urtetik urtera, laneko istripu eta gaixotasunen kopuruak hobera egin beharrean okerrera egiten du, eta 2020. urtea ez da salbuespena. Lan-istripuak nabarmen ugaritu direla salatu nahi dugu. Jarduera ekonomikoak koronabirusaren testuinguruan izan duen geldialdiak eta horren ondoriozko krisi ekonomikoak ez dute geldiarazi lanean istripua izan eta/edo hildako langileen odolustea; izan ere, aurten Hego Euskal Herrian gutxienez 66 pertsona hil dira lan-istripuan (56 EAE/10 Nafarroa) eta Joaquín Beltran oraindik desagertuta dago Zaldibarko zabortegian otsailaren 6tik. Bestalde, ez dugu ezagutzen zenbat eta zenbat langile zendu diren lan gaixotasun batengatik datu ofizialik ez baitira existitzen baina ikerketa guztien arabera lan istripuz hildakoak baino ehuneko altuagoa dira. HEHan amiantoarekin erlazionatuta gutxienez 28 pertsona hil dira eta koronabirusaren ondorioz zenbat langile hil diren ere ez dakigu.

Datu horiek eskandalagarriak dira, are gehiago jakinda laneko istripuak, laneko gaixotasunak eta lanari lotutako kalteak ekidin daitezkeela. Gurea bezalako gizarte moderno eta garatu batean, eskura dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, datu horiek onartezinak dira.

Europan, Hego Euskal Herria da koronabirusagatik hildako gehien izan dituen herrialdea, Belgikaren atzetik. Urte bukaerarte 4007 pertsona hil dira koronabirusak jota, 3036 EAEn eta 971 Nafarroan. Covid-ak zendutako guzti hauetatik 1430 hildako adineko egoitzetan gertatu dira.

Urteak daramatzagu sektore honetako prekarietatea salatzen, eta pandemiak nabarmenago utzi ditu adinekoen egoitzetan zeuden gabeziak. Diru publikoarekin finantzatzen dira, baina gehienak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte. Ekuazio horren emaitza prekarietate handiagoa bai langileentzat eta baita erabiltzaileentzat ere. Gauza bera gertatzen da beste hainbat sektoreetan, hala nola osasun-sektoreetan, sektore soziosanitarioetan, elikadura sektorean, garbiketan edo garraioan. Sektore horiek guztiak oso feminizatuta eta pribatizatuta daude, eta babesgabetasun eta prekarizazio handia jasaten dute beren lan-baldintzetan, hala nola behin-behinekotasunean, kontratazio partzialean, txandakatze-indize altuetan edo babes-bitarteko faltetan.

Beraz, datuek erakusten dute EAEko eta Nafarroako gobernuek lan-prekarietatearen eta Covid-19aren aurka izan dituzten estrategiak ez direla funtzionatzen ari. Laneko arriskuen prebentzioaren eta laneko segurtasunaren arloko politiketara bideratutako aurrekontuak ia hutsaren hurrengoa dira, eta agenda politikoan gai hau lehentasunik ez duela islatzen du. Hala ere, lan-istripuak eta kutsatzeak areagotu egin dira, eta jendearen osasunarekin eta bizitzarekin jolasten jarraitzen dute, bai kalean, bai lantokietan. Norabidea aldatu behar da eta osasuna eta bizitza beste guztiaren aurretik jarri.

Egoeraren larritasuna ikusita, EAEko eta Nafarroako gobernuei neurri hauek exijitzen dizkiegu:

  • Enpresen gaineko kontrol handiagoa. Lantokietako osasun- eta prebentzio-neurrien jarraipen egokia egiteko, ezinbestekoa da Osalan/ISPLN eta Lan Ikuskaritzako langileak Europako batez bestekoarekin parekatzea. Praktikan, teknikarien kopurua gutxienez 100 gehiago da EAEn, eta beste 50 gehiago Nafarroan. Halaber, Nafarroako Gobernuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren arloko eskumenak berreskuratu behar ditu.
  • Mutuen eta prebentzio-zerbitzuen publifikatzea. Pandemia honetan ez dira eraginkorrak izan osasunaren ikuspegitik.
  • Kontrol eta jarraipen-ekintza gehiago egitea, alturan erortzeko, harrapatzeko edo elementu kantzerigeno eta mutagenoekin lan egiten dituzten enpresetan araudia betetzen dela egiaztatzeko.
  • Prebentzio-arloan zehapena jaso duten enpresekin kontratatzeko debekua.
  • HEHko enpresa guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko betebeharra, pandemiak langileen baldintza psikosozialak are gehiago larriagotu dituela kontuan hartuta. Horretarako, bi urteko epean, enpresa guztiek izan beharko dute gutxienez arrisku psikosozialen ebaluazio bat eta gabeziak daudenean neurriak ezarri beharko dituzte. Osalan/ISPLNko teknikariek egingo dute betetze-mailaren jarraipena.