AROZTEGIA
Proiektuaren aurkako protestengatik auzipetutako zazpi pertsonen absoluzioa eskatu eta kriminalizazioa salatu du ELAk

Aroztegiko proiektuak (luxuzko hotela, golf zelaia eta 200 etxebizitza baino gehiago), espekulazio urbanistikoa izateaz gain, ingurumen eta gizarte inpaktu guztiz negatiboaren eta jasangaitzaren kontura eraikuntza enpresa handien onura bilatzen du batez ere. Egunotan, 7 pertsona ari dira epaitzen Lekarozko obrak geldiarazteko protestengatik. 20 urtera arteko espetxe zigorrak eta zigor ekonomiko oso larriak eskatzen zaizkie. ELAk elkartasuna adierazi eta kartzela eta isunen mehatxupean antolatutako edozein protesta desmobilizatzeko eta isilarazteko saiakera dela salatu du.
ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die auzipetuei, eta absoluzioa eskatu du prozesu honetarako irtenbide zuzen bakarra delako. ELAk, gizarte mugimenduek eta langile klaseak beren eskubideak eta lurraren defentsarekin duten konpromisoa defendatzeko mobilizatzeko duten eskubidea defendatzen du.
ELAk uste du epaiketa honek kapitalismoaren alderdirik suntsitzaileenak erakusten dituela:
- Lehenik eta behin, Palacio de Aroztegia bezalako enpresen lukurreria. Orain, 43 milioi euroko kalteordaina lortu nahi du, diru publikoaren kontura, 7 pertsonen bizitzen gainetik pasaz.
- Bigarrenik, Nafarroako Gobernuek gutxi batzuen interes espekulatiboen alde agertu direlako, Baztango jendearen nahiaren gainetik. Barcinaren Gobernuak PSISa hauteskundeak baino 5 egun lehenago onartu zuen, eta Barkosen eta Chiviteren Gobernuek Aroztegiaren proiektua babestu dute.
- Eta azkenik, gizarte mugimenduak kriminalizatzeko eta zigortzeko estrategia, espetxe eskaerekin eta talde kriminaleko kide izatearen akusazioekin.