PSNk, Geroa Baik, Podemosek, EH Bilduk eta Ezkerrak UGT, CCOO eta CENen finantziazioa berreskuratu dute Nafarroako aurrekontuen kontura

2021/12/23
Onartutako aurrekontuei esker, Guardia Zibilak Foruzaingoan sartu ahal izango dira. Era berean, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk enpresen fiskalitate pribilegiatua bere horretan mantentzen duen gutxieneko erreforma fiskal bat onartzea ahalbidetu dute.

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2022ko aurrekontua onartu du PSN, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta EH Bilduk Gobernuarekin adostutako abstentzioari esker. Legegintzaldi honetan onartutako hirugarren aurrekontuak dira, eta, aurrekoak bezala, austeritate-politikak (Nafarroako Gobernuak eta Estatuak % 0,9ko defizit-tasa hitzartu zuten udan) eta zorra ordaintzeak eta itzaleko bidesariak (aurrekontuaren % 12 bi kontzeptu horietara bideratzen da) baldintzatzen dituzte aurrekontuak.

Aurrekontu horien berritasun nagusia UGT, CCOO eta CENen finantzaketa publikoa berreskuratzea da, Sanzen eta Barcinaren garaitik gertatzen ez zena. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak hiru erakunde horietara diru publikoa bideratzen duen aurrekontua ateratzea posible egin duten lehen aldia da.

Era berean, aurrekontuei esker, trafiko-eskumenak bere gain hartzearen ondorioz, Guardia Zibileko agenteak Polizian sartu ahal izango dira, baina ELAk ez du horrelakorik onartzen. Sindikatuak dio eskumen hori hartzearekin batera LEP bat egin behar dela, eta bertan ez dutela lehentasuna izango Guardia Zibila bezalako izaera militarreko kidegoetako kideek.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren (PSN, Geroa Bai eta Podemos) aldeko botoari eta EH Bilduren abstentzioari esker, gutxieneko erreforma fiskala onartu da, neurri nagusia sozietateen gaineko zerga ez ukitzea izanik. Ondorioz, Nafarroak jarraituko du Sozietateen gaineko Zergaren gaineko presio fiskal txikiena duen Estatuko lurraldea izaten (Estatuko batez bestekoa % 1,4 da eta Nafarroan % 1,2). Ildo horretan, gogorarazi behar da 2007an Sozietateen gaineko Zerga bilketa osoaren % 16 zela, eta 2020an, berriz, % 7 besterik ez; beraz, urtean 400 milioi euro sartzeari utzi zaio.

Azkenik, ELAk berretsi egin du gizarte-mobilizaziotik erreferentziak eta alternatibak eraikitzen jarraitu behar dela, eta kezkatuta agertu da UPN atera eta sei urtera bere politiken zati handi bat aplikatzen jarraitzen delako (fiskalitatea, AHT, UGT, CCOO eta CENen finantzazioa...), ezkerreko alderdirik oposiziorik egin gabe.