SIEMENS-GAMESAko ELAKo ordezkariek enplegua bermatzeko inplika dadila eskatu diote Lehendakari ordeari
Siemens Gamesak 107 langile kaleratzeko asmoa iragarri duela eta, enpresako ELAko ordezkariak gaur Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ekonomikoarekin bildu dira, eta beren kezka helarazi diote.
Halaber, langileen ordezkariek beren haserrea adierazi diote Ayerdiri Siemens Gamesako zuzendaritzaren jokamoldeagatik: behin eta berriz informazioa filtratu die hedabideei eta langileei, hauen ordezkari legalei baino lehenago. Horregatik enpresan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (ELA, UGT, CCOO eta LAB, azken hau entzule gisa) erabaki dute negoziazio-mahaitik alde egitea.
Bestalde, ELAko delegatuek Ayerdiri mobilizazio egutegiaren berri eman diote; litekeena da horien artean lanuzteak ere deitzea. Gobernuari eskatu diote busti dadila “justifikaziorik eta beharrik gabeko kaleratze” hauen aurka, eta enplegua bermatuko delako konpromisoa lortu arte (halako konpromiso bat dauka Siemens ohiak bere langileekin).