San Adriango General Millseko hitzarmena sinatu da, Erriberako enpresarik handienean

San Adriango General Millseko hitzarmena sinatu da, Erriberako enpresarik handienean
ELA, USO eta UGT sindikatuek eta General Mills de San Adrián enpresako zuzendaritzak hitzarmenaren akordioa sinatu dute. Akordio horrek 2020ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina du, eta KPItik gorako soldata-igoerak, lanaldi-murrizketa, kontratu mugagabeak eta plus berriak jasotzen ditu, besteak beste.

Zehazki, hitzarmenak % 1,8ko soldata-igoera aurreikusten du eta, edonola ere, KPI +% 0,5 bermatuko da. Horrek esan nahi du hitzarmena indarrean dagoen bitartean soldatek erosteko ahalmena 3,8 puntu hobetuko dutela gutxienez. Gainera, gutxienez 50 kontratu mugagabe formalizatuko dira, horietako 20 antzinatasunaren arabera. Lanaldia 8 ordu murriztuko da; gaueko lanaren plusa % 20 baino gehiago handituko da; prestakuntza-, balioaniztasun- eta eskorga-plus berriak sortuko dira; eta produkzioko administrazio-langileentzat orduak gehituko dira medikuarengana joateko eta senideei laguntzeko; kategoriak hobetuko dira; erretiro partziala bermatuko da, eta langile berriei kalte egiten zien eta azken bi hitzarmenetan indarrean egon zen soldata-eskala bikoitza ezabatuko da, besteak beste.

San Adriango General Mills Erriberako enpresarik handiena da, 1.000 pertsonako lantaldearekin. Langileen ordezkariak ELAko 6 ordezkari, CCOOko 5, USOko 5, LABeko 3 eta UGTko 2 dira. Enpresak "Old el paso" markaren pean merkaturatutako gari-tortillak, artoa eta saltsak egiten ditu, baita barra energetikoak ere.