Sarrigurengo Accionako langileak kontzentratu egin dira enpresari Covid-aren aurrean prebentzio-neurriak eskatzeko

ELAk, Sarrigurengo Acciona Solar eta Acciona Energia enpresetako 14 ordezkaritik 7 ordezkarirekin, elkarretaratzea egin du, batzordeko gainerako ordezkariekin batera, osasun-prebentzioan premiazko neurriak eskatzeko, telelana kasu, eta Covid kutsatzea saihesteko.
Leticia Machin ELAko ordezkariaren arabera, "martxotik irailera arte telelana egin ahal izan dugu lehendabizi, eta, ondoren, telelana aurrez aurreko lanarekin bateratu ahal izan dugu, bulegoetako edukiera % 50ekoa baino txikiagoa izanik. Baina joan den irailaren 21etik, Accionako zuzendaritzak bere langile guztiak bulegoetara itzultzera behartu ditu, telelanean jarraitzeko edo telelana aurrez aurreko lanarekin bateragarri egiteko benetako aukerarik eskaini gabe. Sarrigurenen 500 langile baino gehiago daude bulegoetan, eta horietatik 400 inguru aldi berean espazio itxietan daude ".
Hori dela eta, ELAko ordezkariak Accionari eskatu dio "duen erantzukizun sozial teorikotik telelana bezalako prebentzio neurriak praktikan jartzera pasatzeko".