Sedenako langileek soldata igotzea eta murrizketen aurkako babesa lortu egin dute

2019/12/13
Sedenako batzordeak (9 ELA, 4 CCOO, 4 UGT) akordioa lortu du enpresarekin, ELAk defendatzen zituen aldarrikapen gehienak jasoz

Batetik, Civivox sareko garbiketako murrizketekin bukatzen du. Sedenak zerbitzuaren esleipenari eusten badio, ezin izango ditu inola ere murriztu eremu horretan lan egiten dutenen lanaldia eta egungo soldata.

Bestetik, kultura eta gazteria sektoreetako langileentzat, lan baldintzen hobekuntza nabarmena dakar, bereziki soldata baxuenak dituzten langileena.

Horrela, 2019an langile guztientzako % 1,5eko igoera orokorra adostu da, eta 2020rako KPI+% 0,5ekoa, urte horretan % 1,5eko gutxieneko igoera bermatuz. Soldaten arloan garrantzitsuena da azpimarratzea enpresaren gutxieneko soldata egungo 13400 euro gordinetik 18 hilabetetan 17500 eurora igotzea lortu dela, eta hori lehen urratsa da sektoreko lan-baldintza orokorrak duintzeko.

ELA sindikatutik, enpresa batzordean gehiengo absolutua duen sindikatua garen heinean, akordioaren oso balorazio positiboa egiten dugu. Argi geratu da greba dela borrokarako tresnarik eraginkorrena. Beste behin, plantillaren mobilizazioari esker lortu dugu akordio hori eta orain arte enpresan bizi izan den baldintzen pixkanakako okertze-joerarekin hautsi dugu.

ELAk SEDENAko langileak zoriondu nahi ditu aurrera eramandako borrokagatik eta lortutako emaitzengatik.