Sephora: 900 euroko soldatak, 1.000 euroko kremak saltzeko
Enpresak dio ez dagoela negoziatzera beharturik, baina langileek hori egiteko eskubidea dute. Eta enpresa negoziatzera erakartzeko, langileek greba-eskubidea erabiltzea erabaki dute. Bai, eskubidea. Zeren greba eskubide bat baita, oinarrizko eskubidea gainera; nahiz eta Sephorak erabilera hori eragozteko ahalak egin.
Sephorak, prekarietatea ez ezik, nagusikeria ere erakusten du, Nafarroako langileen negoziazio-helburua eragozteko. Zeren, beren helburua lortuko balute, baliteke bertze langile batzuk helburu beraren bila saiatzen hastea, eta eskakizunen inguruan antolatzen hastea. Eta eskubideak Sephoran traba bat dira, eta gogor aritzen dira haien aurka.
Izan ere, negoziatzen hasi beharrean, ELA eta haren bi ordezkariak salatu dituzte, legez kontrako greba delakoan. Baina oker dabiltza; greba hori ez da legez kontrakoa, ezinbertzekoa baizik, langileek beren lan-baldintzak duindu ahal izateko.
Eta hori nahikoa ez denez, La Moreako dendako langileetako bat bertze lan baten bila joan dela probestu dira pertsonaleko ordezkaria errebokatzeko. Langileen %75ak greban egon arren, indarrean dagoen sistemaz baliatu dira, esparru txikietan ordezkaritza sindikalaren kaltetan joan arren, Nafarroako plantillaren gehiengoaren borondatea urratzeko. Errebokazio hori lortzeko, enpresak CCOO sindikatuaren sostengua bilatu eta lortu egin du. Eta hortaz 'eskirolen' alde agertu da, eta La Moreako dendan hauteskunde berrietarako deialdia egin du, greba hondatzeko asmoz. Enpresa halako puntu bateraino iritsi ezinik badabil, hantxe dago CCOO sindikatua beti ere laguntzeko prest. Borrokan ari direnen aurka egitea, sindikatu batekoak edo bertzekoak izan, klase-kontzientzia izatearen kontrakoa da. Eta samingarria da, oso.
Hala eta guztiz ere, langileek greban eta borrokan jarraitzen dute, ELAren laguntzaz, eta 100.000 baino afiliatu gehiagoren laguntzaz. Horretarako dago, hain zuzen, sindikatuaren erresistentzia-kutxa, afiliatuen hileroko kuotaren zati batez hornitua, greba horri eta bertze hainbati eusteko. Dena dela, oraingo hau ez zen izanen Sephorako langileek Zuzendaritza makurraraziko zuten lehen aldia, zeren orain dela gutxi berariazko lan-egutegi bat eta ia 3.000 €-ko urteko plusa lortu baitituzte, eta horretan Estatuko lehen denda izan dira.
Martxoaren 8a gero eta hurbilago dago, erakundeek eta alderdi politikoek elkarretaratzeak antolatuko dituzte, eta adierazpenak irakurri, jendaurrean itxura feminista emateko. Horregatik, gure ustez, emakume horien greba, lan-baldintza duinen alde eta enpresa zapaltzaile baten aurrean, goraipatua izan beharko zen eragile horien aldetik. Guk gonbidatzen ditugu emakume horien eskakizunekin bat egitera, eta martxoaren 11n, asteazkena, 09:00etan, Parlamentuaren aitzinean eginen den elkarretaratzera joatera.
Prekarietate eta nagusikeriaren aurrean, antolamendua eta greba feminista.