Siemens Gamesako zuzendaritzak erretiratu egin du enplegua iraungitzeko espedientea

Gaur Siemens Gamesako zuzendaritzak jakinarazi die ordezkari sindikalei enplegua iraungitzeko espedientea erretiratu duela. Hau dela eta ELAk honakoa adierazi nahi du:
-
Enpresak erabaki hori hartu behar izan du lantaldea 272 lankide kaleratzeko asmoaren aurka aurrez aurre jarri delako. Langileen erantzun irmoari esker zuzendaritzak aipatutako dosierrari dagokionez atzera egin behar izan du.
-
Kezkatuta gaude enpresaren zuzendaritza noraezean dabilela ikusten dugulako; Siemensek eskuratu duenetik joera hori areagotu egin da, gainera. Hilabete gutxitan zeharo aldatu dira adierazpenak: Siemensek Gamesa erosi izana oso positiboa omen zen eta ez zegoen Gamesa hemen jarraitzeko arazorik; haatik, denbora gutxian aurreko zuzendaritza ia erabat desegin dute eta kaleratzeak iragarri dituzte, inolako justifikaziorik gabe.
-
Azken hiletako noraeza zuzentzea galdegiten dugu. Industri-plan bat finkatzeko unea da, enpresaren etorkizuna bermatu eta enplegua babesteko.
-
Azkenik, bejondeiela langileei beren enpleguaren eta lan-baldintzen alde tinko jokatu dutelako. Horixe da etorkizunean ere mantendu beharreko norabidea.