NAFARROA HEZKUNTZA PUBLIKOA

Sindikatuen gehiengoak ez du sinatuko Hezkuntzak aurkeztutako akordioa

2024/11/27
STEILAS, LAB, CCOO eta ELAk borrokan jarraituko dute eta greba deialdi berria deitu dute.

Sindikatuek adierazi dute gaur, azaroak 27, sinatuko den dokumentuak ez dituela irakasleen aldarrikapenak inolaz ere asebetetzen. Ratioen jaitsiera ez da hezkuntza etapa guztietan emango eta urrun geratzen da sindikatuek planteatutako proposamenetik. "Bestelako neurri asko asmo hutsa besterik ez dira, epeak eta finantzazioa zehaztu gabe geratzen delako. Era berean, erosahalmenaren inguruan inolako aipamenik ez du aintzat hartzen dokumentuak", kexu dira sindikatuak. 

Modu berean, sindikatuei oso larria iruditzen zaie Gimenok eta Hezkuntza Departamentuak egindako mehatxua eta ultimatuma. Ez dute onartuko hurrengo ikasturtean indarrean jarriko diren neurriak balizko Itun baten sinatzearekin lotzea. Gimenok 5 urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua "korrika eta presaka eta eskaintza lotsagarri batekin" itxi nahi du. Irakasleon ahotsa ezin da horrela isilarazi, gehitu dute. Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duen akordioa "antidemokratikoa" dela diote, gutxiengoaren nahiak besterik ez dituelako jasotzen.

Horregatik guztiagatik, sindikatuek akordio honi erantzuna eman eta aldarrikapenak negoziatzen jarraitzeko mobilizazioak deitu ditzute. Abenduaren 19an, Parlamentuan aurrekontuak onetsiko diren egun berean, arratsaldeko 18:00etan kontzentrazioa deitu dute. Era berean, urtarrilaren 30ean irakaskuntza publikoko irakaslegoa grebara deitu dute, "xantaiarik ezta ultimatumik ez dutela onartuko ozen aldarrikatzeko" eta benetako negoziazio prozesua bultzatzeko.