EH ESKUBIDE SOZIALEN KARTA

Trantsizio ekosoziala eztabaidagai, urrian Gasteizen ospatuko diren topaketetan

2025/06/18
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak trantsizio ekosozial justu baten alde indarrak biltzen saiatuko da, urriaren 4an, Gasteizen egingo den topaketa batean. `Gerra, krisi klimatikoa, migrazio politikak, oldarraldi erreakzionarioa. Nola heldu egoerari?´ lelopean, eztabaidak bost ardatz izango ditu: gerrak, krisi klimatikoa, migrazio politika arrazistak eta ultraeskuinaren gorakada.

 

Su txikien itsasoa trantsizio ekosozial justuaren alde indarrak biltzeko

2023an hasitako Su Txikien Itsasoa dinamikarekin jarraituz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik bigarren topaketa eguna antolatuko dugu urriaren 4an, Gasteizen, eta honako gogoeta hau planteatuko dugu: "Gerra, krisi klimatikoa, migrazio politikak, oldarraldi erreakzionarioa. Nola heldu egoerari? "

Pasa den 2023ko irailaren 30ean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik Su Txikien Itsasoa izenburupean topaketa eguna antolatu genuen Garaionen, 50 kolektibo sozial eta sindikal inguruk trantsizio ekosozialerako zazpi ardatz adostu genituen, eta, horrez gain, ardatz horiek batera nola bultzatu eztabaidatu genuen.

Bizitza duinen alde trantsizio ekosozial justu bat behar dugu, eta aurrean dugun erronkari erantzuteko testuinguruan eta elkarlan edo apustuetan lurreratu behar dugula uste dugu.

Gaur egun bizi dugun testuinguruaren baitan, aurtengo topagunean gerrak, krisi klimatikoa, migrazio politika arrazistak eta oldarraldi erreakzionarioa hartu ditugu ardatz gisa lanketak abiarazteko. Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalen kezka da aipaturiko ardatzek gurutzatzen duten testuinguru hau, eta horri erantzuteko beharra ere kezkaz bizi dugu. Era berean, uste dugu konpartitua dela ondorengo hausnarketa: askotariko erantzunak ematen ari dira bizi dugun egoeraren aurre egiteko eta guzti horiek funtsezkoak dira; elkarlanerako espazioak behar ditugu, analisiak eta erantzun posibleak partekatzeko.

Bigarren topaketa egun honen helburua, egoera irakurtzeko eta jarduteko marko ezberdinak ditugula jakitun, elkarlanerako perspektibak nahiz espektatibak eztabaidatzea da.

Elkarrengandik ikasteko helburu orokorraz gain, ahal bada, eztabaidetan sakondu eta elkarrekin antolatutako ekimen zehatzei bide eman nahi diegu. Era berean, ekimenak Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen konpromisoa eta ikuspegia adierazteko baliatu nahi dugu, hau da, testuinguru honetan eraldaketa ekosozial justu baten norabidean tinko erantzuteko.

Horrela, 2025eko lehen hilabete hauetan, Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan egindako hitzaldi, eztabaida eta hausnarketen bidez, hainbat irakurketa eta ekarpen atera ditugu, Gasteizko topaketan partekatuko ditugun eztabaidetan eta edukietan sakontzen lagunduko digutenak.

Urriaren 4an hausnarketak eta esperientziak partekatuko ditugu, erronka ekosozialei aurre egiteko funtsezkotzat jotzen duguna, alegia. Kolektibo sozial eta sindikalei, herri-mugimenduei eta Euskal Herriko militante sozialei irekitako proposamena izan nahi du. Izan ere, bai, argi daukagu su txikien itsaso hau piztu behar dugula, elkarrekin bat egiteko eta pentsatzeko, baina, batez ere, guztiontzako bidezko trantsizio ekosoziala egiteko. Urriaren 4an Gasteizen ikusiko dugu elkar!