UGTk eta CCOOk PPren eta UPNren aurrekontuak babestu zituzten Volkswagenentzako bermerik gabeko diru-laguntzen truke

2018/08/06
Reyes Maroto ministroaren bisitak argi utzi du sindikatu horiek Landabengo langileen itxaropenekin jokatu dutela

ELAren ustez, egiaztatu egin da UGTk eta CCOOek PP eta UPNren aurrekontuen aldeko kanpainan parte hartu zutela, zantzu guztien arabera VWn soldata-eskala bikoitzak egonkortuko dituen diru-laguntza baten truke. ELAk ohartarazi zuenez, Volkswagen Navarran enplegua sustatzeko laguntzen iragarpen mediatiko horrek ez du oraingoz lege-zehaztapenik Landabengo plantilan aplikatu ahal izateko.

Gainera, Espainiako Industriako ministro berria den Reyes Marotoren bisitak argi utzi du UGTk eta CCOOk erretreta hartzeko VW Navarrako langileen zein kontratazio berrien itxaropenekin jokatu zutela.

Jakina denez, UGTren eta CCOOren atal sindikalek PPren aurrekontu orokorren alde agertu ziren, aurrekontu atzerakoi eta antisozialak izan arren. Rajoy joan ondoren, indarrean jarraitzen dute. Gainera, bai UGTk, bai CCOOek ere, parte hartu zuten UPNren kanpaina mediatikoan, aurrekontuei sostengua ematearren.

VW-Navarran enplegua sustatzeko 80 milioi euroko diru-laguntzaren iragarpena ez da oinarritu ezein dokumentu argigarritan, plantilla gaztetzeko espekulazioetan baino ez. ELAren iritziz plantilla gaztetzeko asmo hori ezin da oinarritu soldata-eskala bikoitzetan, ezta soldatak merkatzean ere. Bertzela errateko, ezin dira ordeztu langile “garestiak” langile “merkeekin”, enpresa-arloko ohiko hizkeran adierazita.

Bertzalde, UGT, CCOO eta UPN elkar harturik, erretiroak aitzinatzeko itxaropenak sortu dituzte. Eta hori oso gai minbera da VW-Navarrako langileendako, eta Nafarroako gainerako langileendako ere bai. Gogoan izan bi sindikatu horiek 2011n sinatu zutela, patronalarekin eta PSOErekin, erretiro-adina 65 urtetik 67 urtera derrigorrez gibelatzea.