Greba Orokorrak bizitza erdigunean jarri du, aniztasun guztiekin

2020/01/30
Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da. Goizeko pikete informatiboak normaltasunez eta ia gorabeherarik gabe igarotzen ari dira

Lehenengo balorazio batean, positibotzat jo dezakegu Greba Orokorraren deialdiari emandako erantzuna. Eskubide Sozialen Kartak deituta milaka lagun ari dira lehen ordutik bat egiten enplegu, pentsio eta bizitza duin baten aldeko borroka eta mobilizazio jardunaldi honetan.

Jarraipen mailari dagokionez, nabarmendu behar da Nafarroako iparraldean lanuztea ia erabatekoa dela, Baztanen eta Bortzirietan enpresa garrantzitsuenak itxita daude: Arcelor, Zalain, Funvera eta Savera, adibidez. Sakanan ere lanuztea orokorra da, eta ia erabateko lanuzteak egin dituzte Magotteaux, Cementos Portland, Atabo eta Wisco enpresetan, besteak beste. Leitzan inguruko enpresarik handiena itxi dute, Lecta (lehen Sarriopapel zena).

Iruñerrian, grebak sektore guztietan du eragina, bai industrian, Kybse, Kayaba, TRW, Faurecia, Lácteos Navarra, Uscal, TID edo Kone Elevadores enpresetan, zerbitzuen sektorean eta administrazio publikoan, bereziki Hezkuntzan eta Toki Administrazioan, Iruña, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia, Altsasu, Lesaka eta Leitzako udaletan.

Erriberan eta Tafalla inguruan lanuzte partzialak daude enpresa garrantzitsu askotan, eta hainbat sektoretako ETEak ere itxita daude.

Goizeko mobilizazioak eta piketeak normaltasunez eta gertakari aipagarririk gabe igarotzen ari dira. Mobilizazioen agendak aurrera jarraitzen du, eta zutabeak 11:00etan abiatuko dira Iruñeko hainbat lekutatik, Gazteluko plazatik 12:00etan abiatuko den manifestazioari hasiera emateko (bertan adierazpenak egingo dira). Ordu horretan bertan manifestazioak ere izango dira Tuteran, Lizarran eta Tafallan. Arratsaldean deialdi ezberdinak izango dira lurralde osoan zehar.