UPNek eta PSNek Mañeruko herritarren eskubideak urratzen dituzte eremu mistora pasatzea eragotzi dutelako

2023/02/02
ELAk azpimarratzen du Chivite sostengatzen duten alderdiek presioa handitu behar dutela Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika PSNrena ez dadin izan.

ELAk, UPNk eta PSNk Mañeru eremu mistora igarotzearen aurkako jarrera erabat gaitzesten du. Batetik, euskara eskubideak bermatzearen aurkako erabakia da. Gaur egun, Mañeru eremu ez euskaldunean dago, eta eremu mistora igarotzeak egunerokoan euskaraz bizitzeko pauso bat ematea suposatzen du.

Bestetik, erabakia Mañeruko herritarren nahiaren aurkakoa da. Bertako udalak aho batez eskatu du eremu mistora igarotzea, eta Nafarroako Gobernua aldaketa egitearen alde aurkeztu da. Azpimarratu behar da, gainera, eskaera honek legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela.

UPN eta PSNk euskararen gaia beti inposaketa gisa azaltzen dute. Mañeruri buruzko erabakiak argi azaltzen du inposatzeko prest dauden hizkuntza bakarra gaztelania dela eta herritarren nahiaren gainetik ezartzeko asmo irmoa dutela. Bada garaia gobernua sostengatzen duten beste alderdientzat ere euskaldunon oinarrizko eskubide zibilak ezinbesteko elementu bihur daitezen eta gobernuaren hizkuntza politika PSNrena ez dadin izan.

ELAk egungo legedia aldatzea eskatzen du euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Egun indarrean dagoen legedia murriztatzailea eta bidegabea da. Euskara erabiltzeko eskubidea orokorki onartu behar da, bere erabilerari mugarik jarri gabe, gazteleraren erabilerari mugarik jartzen ez zaion bezala. Horregatik, beharrezkoa da zonifikazioarekin amaitzea, zatiketa eskubide berdintasunaren aurkakoa delako.