LANGABEZIA

Urrian gora egin dute langabeziak eta behin-behinekotasunak Nafarroan

Urrian gora egin dute langabeziak eta behin-behinekotasunak Nafarroan
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, Nafarroako langabeen kopuruak gora egin du berriro, industrian 166ko igoerarekin.

Langabezia berriro igo da Nafarroan, 579 pertsonatan, %2 eta guztira, 28.959 pertsona daude langabezian. Emakumeen langabezia ere handitu egin da, baina neurri txikiagoan gizonenarekin alderatuta, 222 emakume gehiago daude langabezian, gizonen kasuan 357 direlarik. Hala ere, arrakala hor dago oraindik, langabeen %62 emakumeak dira, iazko proportzioa baino handiagoa. Sektoreei dagokionez, zerbitzuen arloan izan da igoerarik handiena; hala ere, kezkagarria da Nafarroako industriako langabeziaren hazkundea, 166 pertsona gehiago baitaude (+%4,8).

Gazteen langabeziari buruzko datuek ere joera negatiboa erakusten dute. Urrian 132 gazte gehiago geratu ziren langabe, eta guztira 2.928 dira kolektibo horretako langabeak. Urtearteko eta pandemia aurreko maila berdina da, eta argi erakusten du gazteen prekarietatea ez dela koiunturazkoa, baizik eta egiturazkoa.

Kontratazioaren datuek ere lan merkatuaren prekarietatea berresten dute. Espainiako Ministerioaren arabera, urrian Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %78,2 aldi baterakoak izan ziren.

Oro har, zifrek erakusten dute lan-merkatuak okerrera egin duela udazkenaren hasieran, funtsezko sektoreetako enplegu-galerak eta egiturazko desberdintasunen iraunkortasunak markatuta. Horregatik, ELAk neurri sendoak eskatzen ditu arazo honekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata-arrakalaren kontrako neurriak hartzea, eta soldaten kontsolidazioa eta KPIaren araberako igoerak bermatzea.