Zainketen publikazioagatik eta Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko greba martxoaren 4an

2021/02/23
ELAk mobilizazioen dinamikarekin jarraituko du zaintza duinak izateko eskubidea bermatu eta zaintza-sektoreetan lan egiten dutenek behar bezalako baldintzak izan arte.

Azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an egindako mobilizazioen eta greben haritik, ELAk martxoaren 4rako greba orokorrerako deialdia egin du berriro, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak (adinekoak, adingabeak, dibertsitate funtzionala dutenak edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenak) zaintzen dituzten hainbat sektoretan. Zaintzan lan egiten duten 5.000 pertsona inguru grebara deituta daude Nafarroan.

Zaintzak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, eta enpresa horiek onura ekonomikoa lehenesten dute, ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin finantzatzen da. Zaintzak eta bizitza ez dira negozioaren xede izan behar, zaintza profesionalizatuak publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar du.

Zaintza-eredua agortuta dago. Eredu horrek ez ditu zaintzen ez beharra duten pertsonak, ezta sektorean lan egiten dutenak. Zaintzaren sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala izan dezaten. Gaur egun, Nafarroako 70 zentro daude egoitza eta adinekoentzako eguneko zentroen artean, eta gehienetan estatu-mailako lan-hitzarmena ezartzen da.

CCOOk sinatutako estatu mailako hitzarmenak, alde batetik, zerbitzuaren kalitatea okertzea dakar: 7 minutuko baino ez ditu uzten pertsona bakoitzaren zaintzarako (88 minutu egun osoan). Bestetik, lan-baldintza guztiz eskasak ezartzen ditu: 1.000 euro gordinetik beherako soldata kategoria batzuetan, ia 1.800 orduko lanaldia urtean, eta hilean asteburu bateko atsedena besterik ez. Horregatik, beharrezkoa da Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena egitea.

Mobilizaziorik gabe ezin izango da aurrera egin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doako baterantz, eta bide horrentan beharrezkoa da Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena. Hori dela eta, ELAk berriro deitu du greba martxoaren 4rako. Egun horretan, 11: 00etan aterako den manifestazioak geldialdi bat egingo du Nafarroako Gobernuaren aurrean eta beste bat Parlamentuaren aurrean, erantzukizun politikoa salatzeko, eta 12: 00etan Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ondoan dagoen Vinculo plazan amaituko da ekitaldi nagusi batekin, borroka honen izaera feminista aldarrikatzeko.

ELAren ustez, aliantzak egiteko unea da. Zainketen sektoreko mobilizazioen egutegi honekin, bidea irekitzen ari da zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorako, eta baita Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko ere. ELAk uste du gainerako sindikatuek bat egin beharko luketela bide honetan.