'Zerbitzu publikoen defentsan, lxs que están se quedan' lelopean, ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek, ATPTN interinoen elkartearekin batera, elkarretaratzea egin dute gaur Parlamentu aurrean

2021/10/26
Administrazioan lanean ari diren behin behineko enplegatuen kontsolidazioa exigitu dute

Agintari politikoen erabakien ondorioz, gaur egun Nafarroako hamar langile publikoetatik bost behin-behinekoak dira. Honen atzean sektore publikoa pribatizatzeko asmo argia dagoela salatu dute antolatzaileek.

Une erabakigarrian gaudela azpimarratu dute elkarretaratzean, milaka langile publikoren lanpostuei eragiten dien bi lege daudelako onartze bidean: Iceta Legea eta 2022ko Aurrekontuen Legea. Sindikatu eta eragileen eskaera garbia da: alde batetik hemen erabaki ahal izatea zein zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun eta, bestetik, zerbitzu publiko horiek aurrera ateratzen dituzten langileak eta beraien lan baldintzak mantentzea. Horretarako, Madrilek inposatutako erreposizio tasak ezin dira onartu eta lanpostuak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak abian jarri behar dira.

Hori horrela izan dadin, erakundeek eta alderdi politikoek dute azken hitza. Horregatik mobilizatzen jarraitzeko apostua irmoa dela adierazi dute gaurko elkarretaratzean, erakunde eta alderdi politikoak interpelatzeko eta aipatutako lege horiek baldintzatzeko helburuarekin.