M17 GREBA OROKORRA

ELAk babesa eman die Arrotxapean pikete batean parte hartzeagatik isunak jaso dituzten herritarrei

2026/06/24
ELAk babesa eman die Arrotxapean pikete batean parte hartzeagatik isunak jaso dituzten herritarrei
Sindikatuaren iritziz, agintarien lehentasuna izan beharko litzateke gehiengo sozialaren aldeko politikak egitea; bide batez, bertan erabakitako LGS baten aldeko aldarria bizi-bizirik dagoela deritzo.

ELAk parte hartu du gaur goizean Iruñeko Arrotxapea auzoko Greba Batzordeak deitu duen prentsaurrekoan. Honetan funtsak biltzeko hasiko duten kanpainaren berri eman dute, izan ere, greba orokorra dela eta informazio-pikete batean parte hartu zuten auzoko hainbat biztanleri isunak ezarri baitizkiote. 

Sindikatuak prentsaurrekoan agertzearekin batera nabarmendu nahi du isun horiek erabat arbuiatzen dituela; gainera, horien zenbatekoak guztiz neurrigabeak izan dira, 1.200 eta 2.000 euro artekoak, eta oinarri bakarra izan dute, poliziak egindako txostenak. 

Sindikatuak azkenaldian salatu izan du maizegi agintariek lan-gatazkak hartzen dituztela ordena publikoko arazo moduan; haatik, fokua jarri beharko lukete gatazkaren erroan dauden arazoetan. 

ELArentzat greba- eta manifestazio-eskubidea oinarrizkoak dira, gizarte demokratikoetan adierazpen guztiz normalak; horrenbestez, instituzioetan agintzen dutenek askoz ere normalizatuago izan beharko lituzkete. Sindikatuak dei egiten die herritarrei, oro har, eta langile klaseari, bereziki, mobilizatzen jarrai dezaten, horretarako hamaika arrazoi bai baitago. 

Zehazki, martxoaren 17ko greba orokorra deitzeko arrazoien artean, ELAk bere aldarriari eutsiko dio: Nafarroan gutxieneko soldata propio bat ezarri behar da, hilean gutxienez 1500 eurokoa, langile klasea pairatzen ari den pobretzeari aurre egiteko, oinarrizko gauzak, esaterako elikagaiak eta etxebizitza, asko garestitu baitira; sakoneko arazoa da gurean sortzen den aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa dela. 

*Dohaintzak zenbaki hontara: ES7630350111641110701087