osasuna NAFARROAN

ELAk inbertsioa handitzea eskatu du itxaron zerrendak murrizteko eta pribatizazioari atea ixteko

2026/05/08
ELAk inbertsioa handitzea eskatu du itxaron zerrendak murrizteko eta pribatizazioari atea ixteko
Eurostatek 2025eko azaroan argitaratutako datuen arabera, 2023an Europar Batasuneko batez besteko osasun-gastua BPGren % 10a izan zen: Alemanian osasuneko gastu publikoa % 10,1ekoa izan zen, Frantzian % 9,7koa, Suedian % 9,6koa, Austrian % 8,6koa... Hala ere, urte horretarako Nafarroan adostutako aurrekontua BPGren % 5,6 baino ez zen izan, Espainiar Estatuko osasun gastua baino txikiagoa, %7koa izanik.

Ondorioz, Osasunbideko Finantza Kontrol Iraunkorreko Atalaren Traumatologia eta Errehabilitazio Txostenak jasotzen duenez, 2018ko ekainetik 2025eko ekainera bitartean % 346 handitu da lehen kontsultarako itxaron zerrendan zeuden pazienteak, eta % 75 ebakuntza baten zain zeudenak.

Gauzak horrela, San Juan de Dios Ospitalera bideratutako ebakuntzen kopuruak gora egin duela ere adierazten du txostenak: ebakuntza 1 egin zen 2019an, 88 2020an, 266 2021ean, 600 2022an, 844 2023an eta 1.112 2024an. Horretaz gain, txostenak erakusten du 2024an 20.873 erresonantzia egin zitzaizkiela traumatologiako eta errehabilitazioko pazienteei. Erresonantzia horien % 74 itunpeko zentroetan egin ziren, eta % 26 soilik Osasunbidea barruan.

Aipatutako datuek Gobernua arazo estruktural horiek lehenbailehen konpontzera eraman beharko lukete, alabaina, ELAk uste du Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuak ez duela itxaron-zerrendak nabarmen murrizteko neurririk ezartzen, eta ez duela konponbiderik eskaintzen zerrendak gardenak eta publikoak izan daitezen. Gainera, ez du neurririk ezartzen plantilla ELGAren batez bestekora arte handitzeko, ekimen pribatuari atea irekita uzten dio, legez zerbitzuak zentro pribatuetan ematea saihesten saiatu beharrean, eta langileak aldi baterako zentro batetik bestera mugitzeko aukera aurreikusten du.

Hori dela eta, ELAk Aurrekontuak urtero onartzen dituzten parlamentariei eskatzen die Osasuneko gastua handitu dezaten aurrekontuetan, eta horrek itxaron-zerrendak murriztea ekarriko du, baita herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoa hobetzea ere. Sindikatuak funtsezkotzat jotzen du zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea, eta ez kolektibo jakin baten interes korporatiboak, Medikuen Sindikatuak egiten duen bezala.