“Mendebaldeko Saharak justizia behar du, ez janaria" #Landeia

Hassannak kezkatuta bizi du bere herriaren egoera. Azaroaren 13an, Marokok Fronte Polisarioarekin 1991n adostutako su-etena hautsi zuen, Mendebaldeko Saharan irekitako gerra berriro lehertuz. "Marokok lurralde okupatuetako ekintzaileen aurka egindako Giza Eskubideen urraketak etengabeak, oso larriak eta egunerokoak dira. Gose greban denbora asko daramaten eta kartzela barruan protesta ezberdinak egiten dituzten kideak ditugu ", salatzen du. "Modu baketsuan manifestatzeagatik espetxeratu gaituzte".
Urteak igaro dira, eta Marokok saharar herriaren baliabide natural erraldoiak okupatzen eta zigor gabe lapurtzen jarraitzen du, potentzia kolonial ohien –Espainia eta Frantzia– teta herrialde gehiagoren konplizitatearekin, bai eta beren kontuak herri oso baten sufrimenduaren bidez etekinez betetzen dituzten multinazionalen konplizitatearekin ere. "Interes ekonomikoak gure herriaren Giza Eskubideen gainetik daude". Egoera ez da erraza, baina Hassannak eta sahararrek ez dute amore emateko asmorik. "Mendebaldeko Sahararentzat independentzia lortu arte borrokan jarraituko dugu. Kausa politikoa da, ez humanitarioa. Ez dugu janaririk behar, justizia behar dugu".
Hassannak bere herriak pairatzen duen blokeo informatiboa hausteko borrokatzen du. Horretan ematen du bere denboraren zati handi bat, Euskal Herrian dauden sahararren aldeko erakundeetan lan egiten duten beste pertsona askok bezala. Gainera, Hassana ELAko kidea ere Euskal Herriko langile klasearen alde ari da borrokan. Izan ere, poemak dioen bezala, elkartasuna herrien samurtasuna da.