ARGENTIna

Argentinako sindikatuak, demokraziaren aldeko borrokan

2024/04/08
Xabi Anza, Formazio arduraduna
Argentinako CTA-Autónoma sindikatu anaiak Buenos Airesen izan zen kongresura gonbidatu zuen ELA. Bezperan, martxoaren 22an, nazioarteko mintegi interesgarri batean parte hartu zuten bertan ziren 39 sindikatuetako ordezkariek (batik bat Ameriketakoak), eta 24an manifestazio bat egin zen, urtero izaten den moduan, demokraziaren eta memoriaren alde. Deitzaileak, Plaza de Mayoko Ama eta Amonak eta makina bat organizazio zein gizarte-mugimendu; ehunka milaka lagunek parte hartu zuten agerraldian, zeina Javier Mileiren politika ultraliberala salatzeko deiadar bihurtu zen.

Azken hamarkadetan borroka gogorrak izan dira Argentinan demokraziaren, justizia sozialaren eta langileen eskubideen alde. Sindikatuak lehia horretan protagonista izan dira. Ez alferrik, diktaduran desagertutako 30.000 lagunetatik 20.000tik gora sindikalistak zirela uste baita. Videlaren kolpe militarra bereziki gogoratzen da egunotan, agenda neoliberal lazgarri bat ezartzeko asmoa izan baitzuten kolpista militarrek, baina baita oraingo presidenteak ere. Duela gutxi Javier Milei agintera iritsi izanak kezka larria eragin dio mugimendu sindikal argentinarrari.

Alabaina, Milei baino lehenago ere Argentinako egoera sozioekonomikoa ez zen bat ere erraza: inflazioa, langabezia eta txirotasun gero eta handiagoa dira nagusi. Bereziki mingarria da zenbat haur goseak dagoen ikustea, herrialde hau nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen esportatzaile handia izanik. Javier Mileiren erretorika libertarioak eta erreforma erradikalak ezartzeko promesak egoera ekonomikoarekin eta ustelkeriarekin nazka-nazka eginda dauden biztanleen botoa bildu du, aldaketaren irrikaz baitago gehiengoa. Haatik, bere proposamenek eta erreferentzia kolektiboak suntsitzeko borondateak (hauen artean, jakina, sindikatuak, indartsuenak baitira) alarma piztu dute demokrazia, eskubide sozialak eta langileen interesak aintzat hartzen dituztenen artean.

Mileik lege zeharo antisozialak egiteaz gainera sindikatuen existentzia bera ukatu nahi du, askatasun ekonomikoarentzat eta merkatuaren efizientziarentzat oztopo direlakoan; presidente berriak guda kultural bati ekin dio hasieratik. Bere politikak, besteak beste lan-merkatua malgutzea eta estatuak ekonomian duen rola murriztea, mehatxu bat dira sindikatuek negoziatzeko, langileak ordezkatzeko eta babesteko duten ahalmenarentzat. Ikusmolde honek langileen eskubideei erasotzearekin batera printzipio demokratikoei erasaten die.

Sindikatuek Mileiren erronkei eman diezaioketen erantzuna hil ala bizikoa izango da. Betidanik izan da Argentinako mugimendu sindikala funtsezko aktorea justizia soziala sustatzeko, eta eginkizun garrantzitsua izan du demokrazia berreskuratu zein sendotzerakoan. Presidente ultraliberal honen aurrean sindikatuek demokraziarekiko duten konpromisoa berretsi behar dute, eskura dituzten tresna guztiak baliatuz; noski, baita mobilizazio soziala ere. Baina gainera demokrazia eta langileen eskubideak arriskuan jartzen dituzten politiken aurkako erresistentziak estrategia anitza eskatzen du: gizarte zibilarekiko, beste gizarte-mugimenduekiko eta nazioarteko erakundeekiko lotura indartu behar du, koalizio zabal bat osatze aldera.

Javier Milei erronka latza izango da argentinar mugimendu sindikalarentzat eta demokraziarentzat, baina ez da garaiezina. Herrialde hegoamerikar honen historiak erakutsi digu unerik ilunenetan ere elkartasunak eta borroka kolektiboak aldaketa positibo eta iraunkorrak eragiten dituela. Sindikatuak aitzindari izan daitezke argentinar guztientzako etorkizun justuago baterantz daraman bidean.