PALESTINA
CAFek Israelgo estatuarekin dituen merkataritza harremanak amaitu behar ditu

Proiektuari uko egitea Palestinako herriarekiko elkartasunean oinarritzen zen, proiektuaren diseinuak sendotu egiten baitzuen Israelek lurraldea legez kanpo okupatzea. Zuzendaritzak ez zion jaramonik egin eskaerari, eta, gainera, Israelgo estatuarekin zuen harremana areagotzen jarraitu zuen, Tel Aviven proiektu berri bat esleituta.
CAFeko langileek urteak daramatzate Palestinako herriari babesa ematen, eta lurralde hartako agintarien zorionak ere jaso dituzte Jerusalemgo proiektuaren aurka daudelako, baina zuzendaritzak ez du jarrera aldatu.
Gazan bizitzen ari garen genozidioa haserre bizia sortzen ari da, eta horrek jasanezina egiten du Israelgo estatuarekin harreman normalizatua izatea, bai CAFentzat, bai Euskal Herriko gainerako enpresa eta erakundeentzat.
ELAk bilera bat eskatu du enpresako zuzendaritzarekin, Israelekin dituen proiektuei buruz dituen planteamenduak zehatz-mehatz ezagutzeko. Zuzendaritzak ukatu egin digu bilera. Oso larria iruditzen zaigu. Ezkutatzeak ez du egoeraren larritasuna aldatuko, eta egoera egunetik egunera gero eta gehiago okertzen ari dela agerikoa da.
Ez CAFen lan egiten dutenek, ez giza eskubideak errespetatzen dituen industria-proiektu eredugarri baten alde egiten dutenek oro har, ez dute merezi CAFek genozidio bat praktikatzen duen estatu batekin harremana izatea. Zuzendaritzak Israelgo estatuarentzat lan egitearen aldeko apustua egiteak ekarri zuen akats larria onartu behar du eta herrialde horrekin duen lotura amaitzeko plan bat proposatu beharko luke, ahal bezain azkarren.