CETA GAUR SARTU DA INDARREAN

2017/09/21
Gaur, irailak 21, behin behinean indarrean sartu da Kanada eta EB ren arteko Merkataritza Akordioa (CETA). Akordioaren edukien %90a berehala aplikatuko da, baina gai batzuk, esaterako inbertitzaileen babesa eta ICS delakoa (multinazionalek estatuekin dituzten gatazkak bideratzeko justizia-auzitegi pribatuak) aurrerago gauzatuko dira, EB osatzen duten estatu guztiek aho batez onartu behar baitituzte.

ELAk nabarmendu behar du akordioa indarrean sartu dela EBko parlamentu guztiek berretsi baino lehenago, eta ebazteke dagoela EBko Justizia Auzitegiko irizpen bat, zeinak erabakiko duen zuzenbide europarrarekin bat ote datorren ala ez. Gainera, bere ondorioen ebaluaketa ere ez da egin, hau beharrezko urratsa den arren.

Espainiar estatuari dagokionez, Kongresuak CETA berretsi zuen, eta baztertu egin zuen aurretiazko konstituzionaltasun kontrola; haatik, Senatuan eztabaida eta bozketa oraindik ez dira egin.

Itun honen helburua, etorkizun diren antzeko guztiena bezala (TISA, Japoniarekiko JEFTA, Mercosurrekin edota Mexikorekin negoziatzen ari direnak) merkataritza eragozten duten oztopoak kentzea da. Kontua da “oztopo”tzat jotzen direla ingurumena, langileak edota kontsumitzaileak babesteko arau guztiak… Garai bateko merkataritza akordio klasikoen xedea muga-zergak jaistea zen, baina oraingo itunek eskubide sozialak harmonizatzea du helburu, murriztera joaz, noski. ELAren iritziz interes komunarentzako mehatxua dira: korporazioen eta inbertitzaileen eskubideak indartzen dituzte, herritarrak eta interes publiko orokorra bigarren mailan jartzen dituztelarik.

Merkataritza itunen aurkako borrokak hainbat garaipen lortu ditu antolatuz eta protesta soziala eraginez; horregatik, gaur, inoiz baino areago, dei egiten dugu itun hauen aurka mobilizatzera eta aliantzak osatzera. Izan ere, merkatarien interesak blindatzen baitituzte, giza-eskubideen aurka eta ingurumeneko zein gizarteko krisia areagotuz.