El Salvadorren atzerakada demokratikoa sakontzen ari da

Bileran, Ivania Cruzek salatu du El Salvadorrek atzerapauso demokratikoa jasan duela 2019ko ekainean Nayib Bukelek boterea hartu zuenetik. Atzerakada hori are gehiago sakondu da 2021eko maiatzetik aurrera, Bukeleren aldekoek Batzar Legegilearen kontrola lortu zutenean. Horri esker, funtsezko eta konstituzioaren aurkako lege-aldaketak egin ahal izan zituen, botere betearazlea, botere legegilea eta botere judiziala bere agindupean kontzentratuz.
Izan ere, Bukeleren aldekoek Batzarre Legegilean duten gehiengoa erabili dute exekutiboaren gaineko ia kontrol guztiak ezabatzeko. Besteak beste, fiskal nagusi berri bat izendatu dute, eta ehunka fiskal eta epaile kargutik kentzeko legeak onartu dituzte, gobernuaren gertuko pertsonekin ordezkatu ahal izateko.
Zigorgabetasunaren testuinguru honetan, beldurra eta kontrola nagusi diren estatu-politika ezarri da, baita gobernuarekiko kritikoak diren ahotsei jazarpen politikoa ere. Jazarpen hori erakunde sozialetara, komunikabideetara eta disidentzia politikora hedatzen da, besteak beste. Azken horien artean, FMLNko kideei edo ezkerreko alderdiko aurreko gobernuetako funtzionario ohiei egindako jazarpena nabarmentzen da.
El Salvadorreko Preso Politikoen Senideen Batzordea (COFAPPES) 2021ean sortu zen, hain zuzen ere, oposizio politikoko figuren atxiloketa selektiboaren ondorioz. COFAPPESen arabera, gaur egun 28 preso politiko daude El Salvadorren, eta ustelkeria eta beste irregulartasun batzuk argudiatuta atxilotu zituzten. Salatu dutenez, atxiloketak oinarririk gabeko akusaziopean egin dira, frogarik gabe, errugabetasun-presuntzioa errespetatu gabe eta atxilotuak zirku mediatiko baten aurrean jarriz. Horrez gain, pertsona horien oinarrizko eskubideak urratzen ari dira, inkomunikazioa edo senideen eta abokatuen bisitak debekatzea bezalako neurriekin, COVIDa aitzaki bezala erabilita. Era berean, kezkagarriak dira preso dauden adinekoen osasun-baldintza eskasak; izan ere, zenbait kasutan, osasun-arazoak zituzten, eta espetxean egoteagatik areagotu egin dira.
El Salvadorreko gobernuaren jazarpena gizarte zibileko erakundeetara ere hedatzen da. Azken hilabete honetan, gobernuz kanpoko zazpi erakunderen egoitzetan indarrez sartu dira ustezko ustelkeria ikerketa baten aitzakian. Erakundeen artean, honako hauek daude: PRO-VIDA Laguntza Humanitarioko Salvadorko Elkartea, "Una Mano Amiga" Gaizkile-taldeen Biktimei eta Kaltetuei Laguntzeko Salvadorko Fundazioa eta "Mélida Anaya Montes" emakumeen mugimendua.
ELAtik gure kezka adierazi nahi dugu El Salvadorreko demokraziak jasaten ari duen atzerakadaren sakontzeagatik, eta gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu herrialdean jazarpen politikoa jasaten ari diren pertsonei eta gizarte-erakundeei. Era berean, COFAPPESek egindako eskaerak zabaldu nahi ditugu, senideentzat prozesu egokia eta askapena eskatzen baititu.