ELA Saharako herritarren eskubideen alde

2018/02/26
ELAk, beste hainbat herrialdetako sindikaturekin batera, otsailaren 19an eta 20an Europar Parlamentuko egoitzan (Bruselan) ospatutako “Sindikalistak eta Mendebaldeko Sahararekin Elkartasuna” jardunaldietan parte hartu du. Jardunaldiek Saharako herriaren egoera, okupazio marokoarraren ondoriozko lan baldintzak eta egoera sindikala eta giza eskubideen urraketa hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera eskaini zuten. Topaketa honetan kausa sahararra ikustarazteko eta langile sahararren bidezko errebindikazioak bultzatzeko ekintzen bide orria adostu zen.

Jardunaldiak Mendebaldeko Sahararentzat bereziki larria den une batean ospatu dira. Izan ere, Europar Batasuna eta Maroko euren merkataritza hitzarmena negoziatzen ari dira, uztailaren 14an iraungitzen den arrantza akordioaren protokoloa eguneratzeko. Parte-hartzaileek eztabaidatutako gaien artean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia eta Melchior Wathelet EBko abokatu orokorraren hitzak egon ziren. Hauen arabera arrantza akordio ez da baliozkoa Mendebaldeko Sahararen urak barne sartzen dituelako, herri sahararraren determinazio eskubidea urratuz. Gainera, akordioak ez du ziurtatzen Mendebaldeko Sahararen baliabide naturalen esplotazioa herri sahararraren mesederako izango denik.

Nabarmendu zen beste gaietako bat kolonia garaian Saharako lurraldean aritutako enpresa espainiarretako langile saharar ohien egoera da. Beraien gizarte-segurantza eskubidea urratzen du Gobernu espainiarrak pentsioak eta prestazio sozialak eskuratzea eragozten baitie.

Testuinguru honen aurrean, jardunaldiak amaitzean, sindikatuek bide orri bat adostu genuen elkarlanean Mendebaldeko Sahararen aldeko ekintzak burutzeko, langile eta herri sahararraren bidezko aldarrikapenak laguntzeko helburuarekin.