Kuba: Genozidioa gelditu

Blokeoaren aurka larunbatean deitutako mobilizazioan izango da ELA

2026/05/28
Blokeoaren aurka larunbatean deitutako mobilizazioan izango da ELA
ELAk salatu du Kubaren subiranotasuna gainditzeko helburuarekin Estatu Batuek ezarritako blokeo ekonomiko, energetiko eta finantzarioaren ondorioz herriak bizi duen egoera larria. Larunbat honetan, maiatzaren 30ean, Euskal Herria Kuba Ekimenak, Hegoak plataformak eta Euskadi-Cuba elkarteak `Kuba: Genozidioa Gelditu´ lelopean Bilbon deitutako elkarretaratzean parte hartuko du. Mobilizazioa 12:00etan izango da Bilboko udaletxearen aurrean eta `Argia eta indarra Kubarentzat´ kanpaina solidarioaren emaitzak aurkezteko ere balioko du.

ELAk azpimarratu du Kubaren aurkako blokeo politika itolarri ekonomikoko estrategia dela, eta herritarrentzat ondorio lazgarriak izaten ari dela. “Sendagairik eza, argia eta ura moztea, zerbitzu publikoak okertzea edo pobrezia eta emigrazioa areagotzea dira AEBko Gobernuak bultzatutako hainbat hamarkadatako blokeoaren eta zigor berrien zuzeneko emaitza. Gosea eta gabezia energetikoa tresna politiko gisa erabiltzea giza eskubideen urraketa onartezina da, eta herri oso baten aurkako zigor kolektiboa”, dio.

ELAk, gainera, `Argia eta indarra Kubarentzat´ kanpainan parte hartu duela azpimarratu du, Kubako osasun-zentroetan eguzki-energiako instalazioetarako dirua biltzeko.

“Elkartasun internazionalista funtsezko printzipioa da sindikatuarentzat eta erasoaldi inperialistaren eta Kubako herria menderatzeko ahaleginaren aurrean, ezinbestekotzat jotzen dugu Kubari babes politikoa eta materiala ematea”, adierazi du.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egin du larunbat honetan Bilbon egingo den elkarretaratzean parte hartzera eta elkartasuna adieraztera kubatar herriari, bere subiranotasunari eta blokeorik eta esku-sartzerik gabe bizitzeko duen eskubideari. 

Irakurri hemen oharra