CSI

ELA Nazioarte Konfederazio Sindikalaren (CSI) 35. Kontseilu Orokorrean izan da

2024/12/05
Abenduak 3, 4 eta 5ean Brasilian ospatutako Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren 35. Kontseilu Orokorrean izan da ELA, kide desberdinek urteroko lanaren jarraipena eta erronka berrien eztabaida izateko topagunea izanik.

Kontseilu orokor honetan, mundu mailako abaguneak markatu du CSIren hurrengo hilabeteetako plan-estrategikoa. Gatazka eta gudu desberdinek, eskuinaren gorakadak eta gobernu faxisten presentziak, digitalizazioak, krisi klimatikoak, migrazioak, arrazoi desberdinetako diskriminazioek... zailtasun gehigarriak ekartzen dizkiote langile klaseari eta bere eskubide eta interesen defentsari. CSIk langile boterea eraikitzeko beharra eta demokraziaren eta bakearen defentsa egiteko hautua berretsi du Kontseilu Orokorrean eta aurkezten diren erronka berrien aurrean lan-ardatzak zehaztu dira. Kide garenen arteko lurralde aniztasunak borroka eta aldarrikapen desberdinak erakutsi dizkigu kasuz kasu, mundu mailako aberastasunaren banaketa justoa izanik borroka guztien oinarri.

Honetaz gain, OIT edo Garapen Sozialerako Bigarren Goi-Bileran CSI-k izan behar duen papera eta eraman beharreko bideorria zehaztu dira Kontseilu Orokorrean, azken hilabeteetako lanaren jarraipena egitearekin batera.