ELA Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI) 5. Kongresuan parte hartzen ari da Australian

2022/11/18
130 herrialdetako 1.000 bat ordezkari parte hartzen ari dira "Kontratu sozial berri baten alde" lelopean hilaren 22ra arte luzatuko den ekitaldian.

ELAko ordezkaritza bat azaroaren 17tik 22ra Melbournen (Australia), "Kontratu sozial baten alde" lelopean ospatzen ari den Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI, ITUC ingelesezko siglak) 5. Kongresuan parte hartzen ari da. Hitzorduan 1.000 pertsona baino gehiago erregistratu dira 130 herrialdetako 200 milioi langileren ordezkari gisa. Euskal Herriaren kasuan, ELA da CSIn ordezkaritza duen erakunde bakarra.


Sindikatu parte-hartzaileak adierazpen proiektu bat lantzen ari dira Kongresuan, eta bertan CSIren etorkizuneko politikak definituko dira, “krisi globaletatik ikasitako ikasgaiak, teknologia eta horrek lanean duen eragina, mugimendu sindikal inklusibo bat eta klima eta trantsizio justu bat” ardatz hartuta. Sharan Burrowren azkenengo kongresua izango da ITUC-CSIko idazkari nagusi gisa.

Ekitaldia Joy Murphy Wandinek inauguratu zuen, aborigen wurundjeri emakumeak, eta horrek Australiako jatorrizko nazioen egoerari zentraltasuna eman zion. Ayuba Wabbak (NLC Nigeria), CSIko presidenteak, kongresuaren ildo nagusiak laburbildu zituen. Michelle O 'Neil Australiako ACTU sindikatuko presidenteak eta Sally McManus ACTUko idazkari nagusiak sindikalismoak herrialde anfitrioian bizi duen egoeraren berri eman zuten. Alderdi Laboristak duela gutxi iritsi da Gobernura Australian: “Gure bizitzetako borrokari eusten ari gara, langileentzako eskubide berriak lortzeko, Gobernu antisindikalen urteen ondoren, eta areto honetan dagoen energiak bultzatzen gaitu, nazioarteko mugimendu sindikaletik datorrena”.