ELA Portugalgo CGTP-INren Kongresuan

2020/02/14
ELAk CGTP-IN Portugalgo sindikatu nagusiaren 14. kongresuan parte hartu zuen. Harreman eta ibilbide luze eta estua da ELAk Portugalgo lehendabiziko sindikatuarekin duguna. Kongresua otsailaren 13tik 15era ospatu zen Seixalen, "Borrokatu: eskubideetan aurrera egin, langileak baloratu, etorkizuna duen Portugal baten alde" lelopean. Nazioarteko sindikatuetako ordezkaritza zabala bildu zuen, besteak beste, Mitxel Lakuntza eta Laura Gonzalez de Txabarri, ELAren ordezkari gisa.

Kongresuaren hasieraren aurretik nazioarteko mintegi bat egon zen, eta bertan nazioarteko sindikalismoaren erronka amankomunak aztertu ziren, baita antolatu eta borrokatu beharra ere.

Mitxel Lakuntzak, mintegian egindako interbentzioan, prekarietateari aurre egitearen garrantzia azpimarratu zuen, greba borrokarako tresna gisa aldarrikatu zuen eta mobilizazioaren garrantzia eta aliantza sozialen potentziala azpimarratu zituen. Horren adibide gisa, urtarrilaren 30ean Euskal Herrian bizi izan zen greba orokor historikoa ekarri zuen gogora. Gainera, nabarmendu zuen ELAk bat egiten duela CGTP-IN sindikatuak bere Kongresuan aurkeztutako dokumentuaren edukiekin. Bertan elkarrizketa sozialaren mugak, prekarietateari aurre egiteko lehentasuna, grebarako eskubidearen defentsa eta subiranotasunaren eta internazionalismoaren defentsa azpimarratzen dira, besteak beste.

CGTP-INaren Kongresuak Isabel Camarinha aukeratu zuen buruzagi berri. Portugalen zentral sindikal bat zuzentzen duen lehenengo  emakumeak lehentasunak betiko berberak direla nabarmendu zuen: langileen eskubideen defentsa etengabea.