ELA Turkiako DISK Sindikatuaren Kongresuan da

Turkiak azken urteetan bizi duen autoritarismoaren gorakadak Turkiako sindikalismoa muturreko egoerara eraman du. DISK sindikatuko militanteak ehunka kaleratu dituzte lanpostu publikoetatik, eta haietako asko kartzelaratuak izan dira. Greba eskubidea erabat mugatuta dago, besteak beste langileen laurdena suposatzen duten langile publikoek zuzenean debekatuta dute.
Autoritarismoaren gorakada honek neoliberalismoak ekarritako ezberdintasun sozialek hedapenarekin bat egin du. Ondorioz, Turkiako langileen ehuneko 5ek bakarrik dute estaliko dituen hitzarmen kolektibo bat eta langileen pobretzea hazten ari da.
Egoera honetan, administrazio publikoek azpikontratatutako 900.000 langile administrazioko zuzeneko langile bihurtzea izugarrizko garaipena izan da.
Era berean, inguruko herrialdeen egoerak eta Europar Batasunak errefuxiatuekiko duen politika hiltzaileak Turkiak 3,6 milioi errefuxiatu hartzea ekarri du. Turkiak ez die errefuxiatu egoera onartu, legezko linbo batean kokatu ditu eta, ondorioz, ez dute lan erregular baterako eskubiderik eta enpresariek esplotatu egiten dituzte.
Kezka hauek izaten ari dira Istanbulen bildu diren 400 kongresukideen eztabaidagai. ELAk Euskal Herriko langileen elkartasuna helarazi die Turkiako Disk sindikatuari. Gure ustez, alde nabarmenak izanda ere, autoritarismoa, grebarako eskubidea, pobretzea eta pertsona babesgabeenak esplotatzea baitira sindikalismoaren erronka globalak, ELArenak barne.