ELA Txileko CUTren Kongresuan

Testuinguru historiko batean gertatu da kongresua. 2019ko urriaren 18ko "eztanda sozialaz" geroztik hainbat hilabetez mobilizatu ostean, Konstituzio berri bat egiteko aukera historikoa zabaldu da Txilen. Erreforma hau benetako prozesu konstituziogile barneratzaile eta demokratiko baten bidez egitea da CUT sindikatuaren gogoa.
Testuinguru horretan mugimendu sindikalari jokatzea dagokion papera aztertu zuten kongresuko ordezkariek. Urriaren 18an “eztanda soziala” lehertu zenetik, mobilizazioak etengabeak izan dira Txilen: greba orokorrak eta manifestazio masibo historikoak herrialde osoan, guzti hau sindikatuen, mugimendu indigenaren, mugimendu feministaren, ikasleen, nekazarien... arteko batasunean landuta. “Gizarte leherketaren” jatorrian eredu neoliberalari datxekion ezberdintasun izugarria dago, emakumeak, gazteak, sektore behartsuenak bizitza duin batetik baztertzen dituena.
Mobilizazio horiek gogor erreprimitu ditu Piñeraren gobernuak; indarkeria izugarria erabili du, ehunka mutilatu (begi bat edo biak galdu dituztenak), milaka atxilotu, torturak, bortxaketak...
Horregatik, kongresu aurretik "Txile Ez Gehiago, gelditu giza eskubideen urraketa" nazioarteko kanpaina abiatu zen. Kanpaina horren helburua da Txileko presidenteari eskatzea bertan behera utz ditzala urriaren 18an hasitako protesta sozialen esparruan herrialde osoan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa sistematikoak.
Kongresua Victor Jara estadioan egin zen, eta kantautore polifazetikoari omendu ondoren hasi zen. Victor Jara langile klasearen zerbitzura zegoen kulturako langilea zen, nazioarteko erreferentea, baita Chilena Kantu Berriaren musika- eta gizarte-mugimendu politikoaren adierazgarrienetako bat. Jara, 1973ko irailaren 16an, modu basatian torturatu ostean balaz hil zuten estadio berean.
Txile bizitzen ari den eztabaida eta prozesuaren erdigunean lana jartzeko erronka eta erantzukizun historikoa bere gain hartu ditu CUTek kongresuan. Bere presidenta den Barbara Figueroak esan zuen bezala,"zutik eta gudu guztiak emateko prest" gaude, "kaleak ez ditugu utziko", “egiaren, justiziaren, demokraziaren eta lanaren balioaren alde borrokan jarraituko dugu”. Justizia osoa duen eta atzoko eta gaurko biktimei erreparazioa ematen dien Txile baten alde borrokatzen jarraituko dute.