ELAk Abdullah Ocalan lider kurduaren osasunari eta egoerari buruzko informazio eskaerarekin bat egin du

2023/07/26
ELAk babesa eman dio Erresuma Batuan egoitza duen Freedom for Ocalan kanpaina sindikalak antolatutako Abdullah Ocalan lider politiko kurduari buruzko larrialdiko prentsaurrekoari. Uztailaren 26an Bruselan Europako Parlamentuaren aurrean egindako prentsaurrekoan, Ocalan kartzelan Turkiako Gobernuaren eskutik duen egoera eta haren oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa salatu dira.

 

ELAk bat egin du hainbat sindikatu, erakunde sozial eta partikularrek Abdullah Ocalan lider politiko kurduaren egoerari buruzko informazio zehatza eta presazkoa eskatzeko egindako eskaerarekin.

Abdullah Ocalan isolamendu-erregimenean egon da Turkian hogeita lau urtez, eta azken bi urteetan, abokatuei eta senideei ere ukatu egin zaie berarekin inolako kontaktua edo sarbidea izatea. Gaur egun ez dakigu bizirik eta ondo dagoen, eta orain oso kezka larriak daude bere bizitza eta ongizateagatik.

Era berean, kezka handia sortzen du Ocalanen espetxeratze-baldintzak monitorizatzeko ardura duen Europako Kontseiluaren erakundeak, Torturaren Prebentziorako Batzordeak, informazio nahikoa ez emateak. Ocalanen familiak, haren abokatuek eta, oro har, herri kurduak egoera latz honi aurre egiteko neurriak hartzea eskatzen dute.

Prentsaurrekoan nabarmendu da, halaber, Europako gobernuen, giza eskubideen aldeko erakundeen eta Europako Kontseiluaren erantzun guztiz desegokia, eta ekintzarik ezak oinarrizko giza eskubideen urraketa eta abusu horren konplize bihurtzen dituela.

ELAtik Abdullah Ocalanek bizi duen egoera eta haren oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa salatzen dugu, eta egoera latz horri aurre egiteko neurriak hartzea exijitzen dugu.