PALESTINA
ELAk babestuko ditu Euskal Herrian Palestinako herriaren alde deitutako mobilizazioak

Israelgo estatua Palestinako herriaren eta, batez ere, Gazako Zerrendako biztanleen aurka egiten ari den genozidioa gogortu egiten da. Datuak kezkagarriak dira: 63.000 pertsona baino gehiago hil dituzte eta 160.000 pertsona inguru zauritu. Horri gehitu behar zaio Gazako biztanleria pairatzen ari den gosetea, Israelen blokeoak eragindakoa; izan ere, dagoeneko 332 pertsona hil dira gosetearen eraginez, eta horietatik 124 haurrak dira.
Israelgo Gobernuaren azken erabakietako bat Gazako hiriaren gaineko kontrola hartzea izan da, milioi bat pertsona inguru desplazatzera behartu egongo dira, ondorioz. Hala ere, ez dago leku segururik bertara joateko, Israelek Zerrendako lurraldearen %75 kontrolatzen baitu.
Giza eskubideak telebistaz eta inpunitate osoz urratzen ari dira. Zentzu horretan, azken asteotan prentsa askatasuna bezalako oinarrizko eskubideen urraketa inoiz baino ageriago egon da. Irailaren 1ean manifestazio mediatiko bat deitu zuen Mugarik Gabeko Erreportariek, Israelgo armadak Gazako Zerrendan egindako 210 kazetari baino gehiagoren hilketa gaitzesteko. ELAk bat egin du kondena horrekin.
Larritasun egoera horren aurrean, Europar Batasuna Israelgo Estatuarekin konplize jokatzen ari da. Joan den larunbatean bilera bat egin zen Kopenhagen EB osatzen duten 27 estatuetako kanpo-ministroekin, eta ez zen adostasunik lortu Israeli zigorrak ezartzeko. Horrek erakusten du EBk ez duela eraginkortasunik eta borondate politikorik Israel behartzeko giza eskubideak errespetatzera eta nazioarteko legeak betetzera.
Estatuen eraginkortasunik ezaren aurrean, igandean Bartzelonatik flota solidario bat itsasoratu zen (Global Sumud Flotilla), inoiz ikusi den flota humanitario handiena, 30 ontzirekin. Flota horrek helburu bikoitza du: batetik, Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa eramatea eta, horrela, Israelek Zerrendaren gainean ezartzen duen blokeoa haustea, eta, bestetik, Israeli zigorrak ezartzeko nazioarteko komunitateari presioa egitea.
Azken egun hauetan Espainiako Itzulia pasatzen ari da Euskal Herritik. Zentzu horretan, ELAk Euskal Herria nazio bat dela eta bere etorkizuna askatasunez erabaki nahi duen herri bat dela gogorarazteko aprobetxatu nahi du. Israelek Vuelta "sportswashing" ariketa bat egiten du, ospe handiko kirol-lasterketa batean parte hartuz, bere irudia zuritzeko eta aurrera daraman giza eskubideen urraketa etengabea ezkutatzeko. Horregatik, ELAk exijitzen du Israel-Premier Tech taldea Vueltatik kanpo uztea.
Horregatik guztiagatik, ELAk babestu egingo ditu Euskal Herrian Palestinako herriaren alde deitutako mobilizazioak, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatzen die eten dezatela Israelgo Estatu Genozidarekin duten harreman oro.